Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Pentsioen aldeko mobilizazioetan parte hartuko du Hiruk beste sindikatuekin batera

Abenduaren 1ean , lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde mobilizatuko dira euskal sindikatuak. Lan eta pentsio erreformen aurkako protesta eguna izango da, eta denontzat bizitza duina babesteko erronka hori errazteko subirautza ere aldarrikatuko da ; ELA, LAB, ESK, STEEILAS, EHNE, CGT etas CNT sindikatuekin batera deialdia egin du Hiruk, abenduaren 1ean kalera ateratzeko: goizean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dira manifestazioak eta arratsaldean eskualdez eskualde. 

Sindikatuek uste dute, une erabakiorrean gaudela, “Europatik datozen laguntzak arazo bihurtu dira, trukean zorroztu egingo baitira langile eta gizabanakoen baldintzak, murrizketak zein ajuste neurriak hartuko dira eta austeritatea nagusituko da aurrekontuetan. Urte amaierara bitartean gure bizimoduetan eta lan baldintzetan eragin handia izango duten hainbat erabaki hartuko dituzte agintariek: lan erreforma batetik eta pentsioen erreforma bestetik. “Beltzez jantzitako morroi berriek, ez dute Europako Funtsik banatuko, aipatutako erreformak onartzen ez badira. Eta aldaketek ez diete Euskal Herriko aldarrikapen sozial eta sindikalei erantzuten. Pentsioen erreforma egitasmoari begiratuz gero, ikusten da aurretik erretiratzeko aukerak murrizten direla, ez dela gutxienez 1.080 euroko pentsiorik ziurtatzen, ezta genero aldetik dauden aldeak gainditzen ez pentsioen sistema publikoa indartzen. Eta aurretik hartuko zenbait erabaki oker ere ez ditu zuzenduko, esaterako langileak lanetik bidaltzeko ontzat eman ziren erraztasunak. Horren oinarrizkoak diren kontuak eta baldintzak aldatzen ez baldin badira, sindikatuak kalean erantzuten jarraituko dute, azaroaren 13an Euskal Herriko pentsionisten mugimenduen protestaldietan egin duen bezala”. 

Bien bitartean Hego Euskal Herriko agintariek beste aldera begiratzen segitzen dutela salatu dute sindikatuek: “ez dute funtsezko gaietan eredua aldatzeko proposamenik entzun ere egin nahi; hala nola, osasuna eta hezkuntza hobetzeko, zaintzaren sistema publikoa sortzeko edo zerga-erreforma burutzeko”. Fiskaletate aldaketa funtsezko eta premiazkoa da sindikatuen ustez, “enpresa-errentengatik eta kapitalarengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitu beharko lirateke, bereziki enpresen etekinengatik, ondarearengatik eta fortuna handiengatik eskuratutakoak”.