Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

San Kristobal ospatu dute garraiolariek asteburuan Gasteizen

Larunbatean uztailaren 8an ospatu zuten San Kristobal eguna garraiolariek Gasteizen. Goizeko 11.00etan Barratxin elkartu, kamioiak atontu, Gasteizko San Kristobal auzotik itzulia eman eta bazkari batekin amaitu zuten eguna. 2019an hasi ziren San Kristobal patroiaren eguna ospatzen Gasteizko 25 garraiolari inguru. 

Lauzpabost elkartu ziren behin. Euren guztien aita ere garraiolaria izanik, egun horretan kamioia lorez apaintzen zutela gogoratu eta eurek ere antzeko zerbait egitea erabaki zuten. «Loreak jartzen zituzten kamioian, egun berezia izaten zen uztailaren 10a, baita lana bazeukaten ere. Lanera apaindutako kamioiarekin joango ziren» esan digu Txutxin Palacios antolatzaileak. 

Antolatzaileen helburua zeregin ezberdinetan bakoitza bere aldetik ibiltzen diren garraiolariak elkartzea eta euren esperientziak partekatzea da. Garraiolarien arteko batasuna bultzatu nahi dute, umore eta ondo pasatzeko gogoa uztartuta. 2019tik urtero elkartzen dira, 25 lagun inguru. Udaltzaingo eta Ertzaintzari baimena eskatu eta Gasteiz erditik itzulia egiten dute apaindutako kamioekin. Barratxitik atera eta bertan amaitu. 

Loreekin apaintzen dituzte kamioiak Barrantxin, goizeko 11.00etan elkartuta; 12.00etan abiatu ziren 30 kamioi inguru; Gamarra, Portal de Francia eta Rioja kaleetan barrena, San Kristobal elizara igo, bertan apaizak kamioiak bedeinkatu handik pasatzean eta Sailburuatik barrena Buesa Arenan elkartu ziren berriro, bertan argazki bat atera eta ibilaldia berriro Barratxin amaitu zuten. Lagun eta senideekin batera elkarrekin bazkaldu zuten ondoren.