Euskal Herriko sindikatuek bat egin dute euskal presoen aldeko Izan Bidea ekimenarekin eta kontzentrazioak egingo dituzte, hiriburuetan ondorengo egunetan. Ostiralean 17an Bilbon eta Donostian elkartuko dira langileak Izan Bidea dinamikaren baitan. Bilbon goizeko 11.30etan jarri dute hitzordua, eliptika plazan, ELA, LAB, UGT, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, EHNE, Hiru eta Etxaldek, “Izan bidea, ibiltarien sarea” leloarekin.
Donostian eguerdian elkartuko dira, esan bezala, abenduaren 17an 12:00etan Alderdi Ederren, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru, EHNE, CNT eta CGT-LKN sindikatuek deituta “langileok presoak etxeratzeko bidean gara” aldarrikatzeko. Gasteizen, hilaren 23an egingo dute kontzentrazioa, 12.00etan Andra Mari Zuriaren plazan, “Langileok bidean” leloearekin.
Sindikatuek antolatutako kontzentrazioak, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestaziorako deia zabaltzeko baliatuko dituzte, euskal presoak etxerako bidean jartzeko pausoak eman eta ezartzen zaizkien salbuespen neurriak kentzeko eskatzearekin batera.
Deia luzatzen dute sindikatuek, urtebete ondoren, berriro ere Bilbon urtez urte izan dugun hitzordu berezian parte hartzeko, urtarrilaren 8an giza eskubideen alde, elkarbizitzaren alde eta preso, iheslari eta deportatuen aferari aterabidea ematearen alde gauden herritar eta ordezkari politiko, sindikal, sozial eta instituzionalak Bilboko kaleak bete ditzaten.