Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Sindikatuen protesta Bilbon: “Patronalak eta instituzioek gaixotzen eta hiltzen gaituzte”

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek lan istripuetan heriotza gehiegi gertatzen direla salatu zuten otsailaren 14an asteazkenean Bilbon: “Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” leloari helduta,  Jaurlaritzatik Confebasken egoitzaraino bidea egin zuten sindikatu horietako hainbat lagunek Bilboko kale nagusian barrena. Sindikatuetako ordezkariek kalejira hasi aurretik salatu zuten lan osasuna okerrera doala eta horren adierazle dela istripuei dagokienez bizi izan dugun hilabete latza. Urte hasieratik Euskal Herrian hildako 14 langileak gogoratu zituzten; “hau ez da zerbait puntuala, buelta ematea lortzen ez den joera baten adierazle gordinena da” esan zuen Garbiñe Aranburu LABeko ordezkariak. 

Patronalak prekaritatearen alde egin du Administrazioaren konplizitatearekin sindikatuek salatu zutenez. Lan osasunean, “bizitzako beste eremuetan pentsaezina den zerbait” gertatzen dela nabarmendu zuten, “patronalak prebentzio legedia ez du betetzen eta ez da ezer gertatzen, zigorgabe geratzen da nahiz arduragabekeria horrek langileen heriotza eta gaixotasunak eragin. Patronalaren inpunitatea, Gobernuen eskutik dator. Patronalaren interesak ez kaltetzeko, instituzioak langileen aurkako indarkeria ontzat ematen ari dira, langileak lanean hiltzea eta gaixotzea ontzat ematen ari dira”, adierazi zuten.

Patronalak etekinak lehenesten dituela ere nabarmendu zuten, langileen bizitzak eta osasunak bost axola diela gaineratuz. “Odol isurketa honen aurrean, patronalak batere lotsagorritu gabe, absentismoaren gaia ateratzen du behin eta berriz. Langileen bajak sortzen diote kezka, ikuspegi guztiz produktibista berriro ere. Iritzi publikoarekin batera mutualitateak baliatzen dituzten, langileak osatu gabe lanera itzularazteko”.

Sindikatuek lanean heriotzarik gerta ez dadin elkarlanean jarraituko dutela adierazi dute. Heriotzak gertatzen diren aldiro, erkartu, egoeraren salaketa egin eta arduradunak seinalatuz; prekarietatearen kontrako eta lan osasunaren aldeko borroka indartuz; Osasunaren pribatizazioaren kontra eginez, osasun sistema publiko indartsua defendatuz eta mutualitateen kontrako jarrera indartuz.