Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Trafiko bulegoetan dauzkaten atzerapenek kalte larria eragiten die euskal garraiolariei

Hiru, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak Hego Euskal Herriko Trafiko bulegoetan ibilgailu berrien transferentziak eta matrikulazioak egiteko orduan gertatzen ari diren atzerapenak kritikatu ditu. Atzerapen horiek kalte handiak dakarzkie garraiolari autonomoei; izan ere, dagoeneko erositako ibilgailua beren esku dute arren, ezin dute lanik egin, behin zaharra saldu edo kendu eta gero. 

Horrelako gestioak egiten aritzen diren sindikatuko langileak nekatuta daude atzerapenekin; egiaztatu dute Trafikoko Buruzagitzaren bulegoetan ez dagoela langile nahikorik: “bulegoek gainezka egin dute, horrek batzuetan bi eta hiru asteko atzerapenak eragin ditu. 145.000 euroko ibilgailuetan egindako inbertsioei buruz hitz egiten ari gara, ia 20 egunez geldirik egotera behartuta daude. Ibilgailu bakarra duen garraiolari autonomoari egiten zaion kaltea argia eta esanguratsua da; hainbat ibilgailu dituen enpresa batek hobeto jasan dezake, baina autonomo bat birrindu egiten dute”.

Kasu larri asko gertatu dira azken asteotan, Hegoaldeko lau euskal lurraldeetako hainbat bulegotan. Araban zein Gipuzkoan, azkenaldian, normalean egunean bertan edo bizpahiru egunetan ematen diren transferentzia eta matrikulazio batzuk, 15-20 egun atzeratu dira; egun horietan garraiolari autonomoa geldirik egon da; bere bezeroei zerbitzurik eman ezin dien garraiolariak ez du irabazi edo diru-sarrerarik. Gastuak, bai, inbertsioa jada egina du eta ibilgailuaren aseguruarengatik eta beste kontzeptu batzuengatik ordaintzen ari da. Ez da ulertzen garai telematikoan, kudeaketa guztiak leihatilan egiten zirenean baino beranduago egiten direla. Gainera, betebehar, txosten edo dokumentuak kudeatzeko, erregistratzeko eta aurkezteko atariak etengabe kolapsatzen dira, etenda daude, motel doaz edota ez dabiltza. Eta Administrazioak ez du alternatibarik eskaintzen. Telematikoki egin behar direnak, ezin dira bulegoetan egin.

Hiru sindikatuak arazo horiek konpontzeko eskatu die administrazioei, Trafikoko buruzagitzetan behar beste langile jarriz, eta, aldi berean, neurriak hartuz plataforma telematikoetan gertatzen ari diren eragozpenei aurre egiteko eta zailtasunak konpontzeko.