Garraiolariek ez dute lehentasunik izango txertatzerako orduan. Ez daude ondorengo egunetan jasoko duten sektoreen artean. Osakidetzak argitaratu du 55 urtetik azpikoei Astra Seneka txertoa jartzeko sektoreen zerrenda eta garraioa atzeko aldean da, preso eta supermerkatuetako langileekin batera.
Lehenengo 55 urtera arteko irakasleei jarriko zaie txerto hori. Ondoren poliziei, suhiltzaileei, etxeetan zaintzan lan egiten dutenei, kartzelako langileei eta botikariei, besteak beste. Garraiolarien aurretik dira, Bilbo eta Pasaiako portuetako langileak, fisioterapeutak, osasun laborategietako pertsonala, psikologoak, podologoak, optometristak, albaitariak, hortz protesigileak, arrantzaleak, aterpetxeetako langileak…
Osakidetzako arduradunen iritziz, sektore guzti horiek garraio publikoa baino garrantzitsuagoak dira. Oinarrizko sektorea dela esan esaten dute, baina gero ez diote duen garrantzia ematen. Esan bezala, aipatutako horien guztien atzetik dira garraiolariak, besteak beste, preso eta supermerkatuetako langileekin batera.
Txertatze kanpainan garraiolariak kontuan izateko eskatu du Hiruk
Garraiolariek egiten duten lana gizartearentzat funtsezkoa bada, txertoak jartzeko orduan lehentasuna izan dezatela eskatu die Hiruk, Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen sindikatuak, Euskal Jaurlaritzako eta Nafar Gobernuko Osasun sailei. Otsailaren 22an aurkeztu zuen idatzi bana Hiruk.
Garraioan ari diren pertsonak kontuan izateko eskatu die Hiruk Osasun saileko arduradunei: “garraiolariak egiten duten lana funtsezkotzat jo dezala eta, beraz, lehentasuna izan dezatela txertoen banaketan, osasungintza eta zahar-etxetako langileekin zein adinduekin batera”.
Zamen garraioa oinarrizko zeregina baldin bada, gizarteari beharrezko produktuak eramaten dion zerbitzu publikoa, alegia, kontuan izan beharko da COVID-19ari aurre egiteko txertoen banaketan ere. Horregatik, garraiolariak ere lehen hilabeteotan txertatuko diren taldeen zerrendan jartzeko eskatu dio Hiruk administrazioari.
Idatzian gogoratu du sindikatuak, 2020ko martxoan COVID-19a barreiatu eta pandemia hasi zenetik, kutsatzeko arrisku handia izan dutela garraiolariek, etengabe hara eta hona mugitzen ari direlako. “Gainera, ezin ahaztu, duela urte bete, gaixotasuna zabaldu zenean, ahaztu eta baztertuak izan zirela garraiolariak: gizarteak behar dituenak ekartzeko ezinbestekoak direla erakutsi eta baieztatu arren, zailtasun handiak izan zituztela lan hori egiteko”.