Larunbatean maiatzaren 15ean egin ziren Langraitz Okako Zentro Zibikoan, Hiru sindikatuaren, Bideko Kooperatibaren eta Babesa elkartearen urteko batzar orokorrak, goizeko 9.30etan hasita. Erakunde bakoitzak 2020. urteko balantzea egin zuen eta etorkizuneko asmo zein jokabideak finkatu. Gutxi gorabehera 30 bazkide izan ziren batzar bakoitzean.
Hiru sindikatuaren balantzean zenbait afera eztabaidatu ziren, besteak beste, Covid19ak garraioan izan duen eragina, Nafarroako Gobernuak egin duen tributazio moduaren aldaketa eta baita azkenaldian gaurkotasun handia hartu duen eta puri purian dagoen Gipuzkoako errepideetan kamioiek ordaintzen duten bidesariaren gaia ere. Bazkideen arteko solasaldian gai hau nagusitu zen. Azkenean bazkideek bidesarien fakturak Bidegira elkarrekin eramango dituztela erabaki zuten, egun horretan bertan protesta egitea, bidesaria bertan behera uzteko eta dirua itzultzeko aldarrikatzea.
Lehenengo Babesa elkarteko kideak bildu ziren goizeko 9.30etan. Arduradunek istripu kopuru eta elkartearen aurrekontuaren nondik norakoak azaldu zituzten. Ondoren Bideko Aterpeko kideen txanda heldu zen 10.30etan, Jose Murillo kudeatzaileak eman zuen kooperatibaren egoeraren eta berrikuntzen berri eta azkenik, eguerdian bildu ziren Hiru sindikatuko bazkideak. Esan bezala, Covid-19aren krisiaren urteko gorabeherak jorratu ziren batzarrean, besteak beste, Nafarroan foru gobernuak bultzatu duen aldaketa fiskala, Balio Erantsiaren eta Errentaren zergan izan diren aldaketak, alegia, Gipuzkoan A15 eta N1ean indarrean diren bidesarien inguruko nobedadeak eta krisiak garraiolariengan izan duen eragina.