Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Zaldibar kasuan azken ondorioetaraino iristeko eta erantzukizun politikoak argitzeko eskatu dute euskal sindikatuek

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek Zaldibar kasuan azken ondorioetaraino iristeko eta erantzukizun politikoak argitzeko eskatu dute, honekin batera, babes eta elkartasun osoa adierazi Joaquin Beltranen familiari eta larunbat honetan Zallan arratsaldeko 18.00etan egingo den manifestaziora deia luzatu ere bai.

2020ko otsailaren 6an Zaldibarko Verter Recycling-en zabortegia hondoratzearekin batera, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu ziren zabor artean. 6 hilabete eta 10 egun desagertuta eman ondoren, Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu zituzten. Zoritxarrez, 15 hilabete eta 8 egun ondoren, Jaurlaritzak, Joaquin Beltranen gorpuzkiak aurkitu gabe, bilaketa etetea erabaki du. Bistan da afera hau gainetik kendu nahi dutela, erantzukizunak saihestuz eta Verter Recycling errudun bakar gisa aurkeztuz iritzi publikoaren aurrean. “Eta non dago Iñigo Urkullu lehendakaria? Zaldibarko hondamendia izan eta ondorengo egunetan desagertuta egon zen bezala, oraingoan ere ez du aurpegia eman. Bilaketa lanak bukatutzat eman dira, baina afera hau ez da hor amaitzen. Izan ere, erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoak dira, egia ezagutu dadin, justizia egin eta berriro gerta ez dadin bermeak ziurtatzeko” salatu dute euskal sindikatuek.

Zabortegiaren kudeaketa, luizia gertatu zen momentuan eta hondamendiaren aurretik zein ondoren ere, salatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, eta berau osatzen duen gehiengo sindikalak eta eragile sozialek: “Verter Recycling enpresak erantzukizun zuzena du hildako langileen gainean. Zaldibarren urteetan zehar agerikoa izan da kontrol falta. Eta Eusko Jaurlaritzak eta Ingurumen Sailak, ez zuten ezer egin”.

Karta soziala osatzen duten eragileen iritziz, “urteetan zehar Zaldibarko zabortegian egon den jarduera klientelar, opako, ez jasangarri eta arriskutsuaren aurrean, erantzukizuna ezin da eremu pribatura mugatu, eremu publikoak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa izan duelako. Arduradun horiek izen abizenak eta ardura politikoak dituzte. Azken egun hauetan epaitegietara bidalitako txostenen arabera, Zaldibarreko zabortegia 2016tik arrisku larrian zegoen eta urte hauetan guztietan ez dira beharrezkoak neurketak eta kontrolak egin. Iñigo Urkulluk zuzenduriko Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak ardura politiko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago, kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoren artean dagoen harreman zuzena. Administrazio publikoaren subkontratazio politikak langileongan ondorio zuzenak ditu, hondamendi honetan ikusi den bezala”.

Erantzule nagusien artean patronala dagoela argi dute euskal sindikatuek: “zalantzarik gabe. Izan ere, indarrean dagoen legeria ez baitu betetzen. Hondakinen kudeaketa pribatizatu eta kontrol publikorik ez edukitzeak, egungo hondakinen kudeaketa eredua negozio bilakatu du eta patronalak horretan ere aurkitu du mozkina langile klasearen zein naturaren bizkar. Egoera tragiko horren aurrean, patronala ez salatzeak, Administrazio publikoa bera konplize bilakatu du, egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak ez baititu hartzen, langileon bizitza zein osasuna bermatzeko edota hondakinen kudeaketa eredu iraunkor baterako trantsizioa egiteko”.