Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Zuastin erreta hil zen garraiolariaren istripua salatu dute sindikatuek Iruñean

Euskal sindikatuetako ordezkariak, astelehenean, martxoak 29, Iruñean, Garraio Departamenduaren aurrean San Ignacio kalean elkartu dira goizeko 11tan garraio sektoreko lan baldintza kaxkarrak salatu eta aurreko astean Zuastin hil zen garraiolaria gogoratzeko. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta CGTko ordezkariekin batera HIRUko kideek hildako garraiolariaren familia eta lagunei babesa eman, “istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” leloarekin gertatua salatu eta, oro har, sektorearen egoera latza azpimarratu dute. “Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Aipagarria da garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez dira hobetu. Ezinbestekoa da garraiolari nahiz gidarien egoera hobetzea, bai porteen prezioetan, bai lan orduetan, Europako herrialde askotan hartzen ari diren antzeko neurriak kontutan hartuz, izan ere, sektorearen zati bat prekarietatean egoteak, bestea ere, bertara bultzatzen baitu”.

Garraio sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren, Administrazioek beste alde batera begiratzen dutela uste dute euskal sindikatuek: “Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain”.
Sindikatuek salatu dutenez, arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan. Garraioaren sektoreak pairatzen duen perkarietatearen adibidea baino ez da pasa den martxoaren 20an Zuastiko zerbitzugunean gertatutakoa, garraiolari hil zen bertan atseden hartzen zela kamioiak su hartu zuenean. “Halako egoerak onartezinak direla esan behar dugu beste behin ere. Aurten jada 13 pertsona hil dira lan istripuan Hego Euskal Herrian eta horietatik bi errepidean lan egiten zuten gidari eta garraiolariak”.