Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

150 eurotik gorako faktura guztietan derrigorrez agertu behar da salneurria

Garraiolari Autonomoen Hiru sindikatuak bere afiliatuei gogorarazi nahi die abuztuaz geroztik derrigorrezkoa dela 150 eurotik gorako fakturetan garraioaren prezioa agertzea. Gainera, garraio jarraitua egiten dutenek kontratu idatzia izan beharko dute. Dagoeneko ezarri dira arau horiek ez betetzeagatiko lehen zigorrak.

Beraz, 150 eurotik gora balio duten garraio-zerbitzuetan prezioa jaso behar da garraio-gutunean. Prezio horrek, gainera, garraiolariaren kostuak baino handiagoa izan behar du beti; jakina da ministerioak argitaratzen duen kostuen behatokiaren bidez kalkula daitekeela.

Garraio jarraitua egiten duenak nahitaez idatziz egindako kontratua eraman beharko du, eta kontratu horretan derrigorrez jarri beharko du garraioaren prezioa. BEstela zigorra jasoko du garraiolariak. 

Beste dokumenturen batean prezioa idatziz  jasota baldin badago, garraio gutunean jaso ez arren ez da ezer gertatuko. Aipatutako arau eta aginduak ez betetzeagatik jarriko diren zigorrak haundiak dira. Bi mila euro artekoak izango dira, garraiolariarentzat eta kargatzailearentzat.

Madrilgo Gobernuak argi berdea eman zien abuztuaren lehenean garraioaren sektorerako zenbait neurriri, azpikontratazioa mugatzeko helburuarekin eta garraiolariek kostuen azpitik lan egin ez dezaten. 

Adostutako neurriak betetzen direla ziurtatzeko, betebehar, arau-hauste eta zigorrak finkatu dira. Zentzu berean, Gobernuak konpromisoa hartu du sei hilabeteren buruan neurri horien eraginkortasuna aztertzeko eta azpikontratazioari buruzko lege-proiektu bat aurkezteko.

Garraio-gutunak nahitaez jaso beharko du
1. Kargatzailea eta igorlearen izenak, bienak desberdinak baldin badira.
2. Benetan zama eramango duen garraiolariaren izena (salgaiak bere ibilgailuan eta bere erantzukizunpean benetan garraiatuko dituena).
3. Garraiolariak salgaia jasoko duen tokia eta data, eta uzteko aurreikusia duen tokia eta eguna.
4. Hartzailearen izena.
5. Salgaien izaera eta masa.
6. Garraioaren prezioa eta garraioarekin zerikusia duten eta beharrezkoak diren gastuen zenbatekoa; Zamalanak gidariak egin behar baditu, lan horien zenbatekoa, debekatuta ez dagoen kasuetan, noski.