Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioientzako Renove planetik kanpo utzi dituztela salatu dute arinean dabiltzanek

Garraio arinaren sektorean lan egiten duten garraiolari autonomoak baztertu egin dituzte Kamioientzat Euskal Administrazioak aurkeztu duen Renove planetik. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak aurkeztu zuen aurreko asteburuan jaurlaritzaren egitasmoa, garraio-ibilgailuen flotak modernizatzeko Renove plangintza hori.

Iragarritako laguntza-planak ez ditu kontuan hartzen garraioan diharduten 3,5 tona baino gutxiagoko ibilgailuak. Garraioan aritzen diren arren, kamioia aldatzeko laguntza horretatik kanpo utzi ditu Jaurlaritzak.

Berriro ere, garraio arinen sektoreak administrazio publikotik jaso duen tratua diskriminatzailea da, argi eta garbi. Gasolio profesionalaren laguntzetatik kanpo diren bezala, Eusko Jaurlaritzak ez ditu profesional horiek kontuan hartuko ibilgailuak berritzeko diru-laguntzak ematerakoan. Administrazioarentzat, garraio arineko autonomoak ez dira garraiolari kategoriara iristen.

Eusko Jaurlaritzak ezagutarazi zuen aurreko astean flotak berritzeko laguntzen plan hori, hain juxtu, enpresa handietako ordezkariekin bildu ondoren. Enpresa handiekin bildu da Ekonomia eta Ingurumen saila beste behin ere, jakina den arren beren interesak defenditzen dituztela sektore osoarenen gainetik. Ez daukagu zalantzarik, garraio-flota handi horiek jasoko dute Eusko Jaurlaritzaren planeko laguntzaren zatirik handiena. Eta kopuru handia da, guztira, zazpi milioi euro banatuko baitira ibilgailu zaharrak txatar bihurtu eta berriak erosteko.

Tarifak gasolioaren prezioaren aldaketen arabera derrigorrez berrikusteko agindua betetzen ari ez diren berberak dira, garraiolariarentzat kargatzeko edo deskargatzeko debekua errespetatzen ez duten berberak, eta etekin handiak lortzeko sektoreko baldintza kaxkarretaz baliatzen diren berberak. 

Honekin ere, garraiolari autonomoek egiaztatu dute Administrazioak ez duela egiturazko neurririk hartzen sektorearen krisi, zailtasun eta baldintza kaxkarrei aurre egiteko; laguntza puntualak edo adabakiak onartzen dira, nagusiki handiei mesede egingo dietenak, hain juxtu garraiolarien ustez, sektorearen egoera jasangaitzaren erantzuleei. Bien bitartean, sektoreak zahartzen jarraitzen du, garraiolari autonomoak desagertzeko arriskuan daude eta, ez dute erreleborik. Ondo pentsatzen dute ibilgailua aldatu aurretik, eta beraz, kamioi zaharrarekin jarraituz gero, ezin laguntzarik eskatu.