Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

300 kamioitik gora Iruñako kaleetan ibili dira garraio duinaren alde

Iruñeko kaleetara eraman du kamioien martxa batek garraioaren egoera kritikoa martxoaren 15ean, asteartean. 300 kamioik eta furgonetak baino gehiagok, asko Tradisnako kideenak, parte hartu dute Hiru sindikatuak deitutako karabana zaratatsu eta ikusgarrian. Bideko Aterpek Galarren dituen instalazioetatik 10.30etan abiatuta pare bat ordu behar izan dituzte Nafarroako Ogasunak Eskiroz kalean dituen bulegoetara joan etorria egiteko. Nafarroako hiriburuko kale eta etorbide nagusietan zehar ibili da martxa. Ondoren, eguerdian, sindikatuko ordezkariek Hiruren azken urteetako aldarrikapenak biltzen dituen orria entregatu dute Nafarroako Garraio sailaren egoitzan Karlos III.ena kalean.

Asteazkenean ere protesta egingo dute Hiruko garraiolariek Gasteizko erdiguneko kaleetan. 10:00etan jarri dute hitzordua Bideko Aterpek Langraitzen duen zerbitzugunean, eta ordu erdi geroago Lakua auzorantz abiatuko dira, Jaurlaritzaren egoitzara. Bertan ere, aldarrikapenak jasotzen dituen orria entregatuko dute Hiruko ordezkariek.
Garraioaren sektorearen egoera jasanezina, salatu dute Alberto Nuñez eta Jon Altuna Hiruko kideek komunikabideen aurrean. Erkidegoko eta Nafarroako administrazioen laguntza eskatu dute garraiolari autonomoek bizirik iraun dezaten. Kritikatu dute Administrazioak ez diela sektorearen beharrei erantzuten eta beste aldera begiratzen duela jarduera irregularren aurrean: “Sektore honek erregulazio bat behar du, kostuak ez daitezen irabaziak baino handiagoak izan”, adierazi du Nuñezek, zera azpimarratuz, “gasolioa igotzen bada, edota bidesariak jartzen badizkigute, beste erremediorik ez da izango, jada ezin lanik egin, jarduna ez da eta errentagarria izango”. 

Hiruko ordezkariak adierazi duenez, “enpresa batzuk, gasolioaren aurrean, erantzuten ari dira eta igoerak abiarazten, baina kasu askotan igoera horiek ez dira nahikoak, ez dute kostua ordaintzeko beste ematen. Izan ere, astebetean gasolio litroaren prezioa euro erdi igo da”.

Euskal Herriko administrazioei gure lurreko garraio-sarea defendatzeko eskatzen die Hiruk. Funtsezkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzea, beren eskumenak estutzea, baldintzak finkatzea, garraioa modu eraginkorrean arautzea eta funtsezko sektore estrategiko baten errealitateari bizkarra ez ematea. Era berean, bi gobernuek araututako faktura propioa eskatzen dute, zamaketariek eta garraiolariek nahitaez bete beharreko klausula batekin, garraioaren prezioa kostuen aldaketaren arabera eguneratu dadin; baita kooperatiba faltsuen, berankortasunaren, dumpingaren ondoz ondoko azpikontratazioaren eta beste jardunbide irregularrekin amaitzeko neurriak eta kontrolak ezartzeko ere. 

Gainera, errepideen konponketak diru publikoarekin ordaintzeko eskatzen du, ez,  kamioiei jarritako bidesarien bidez; baita 60 urteko garraiolarientzako erretiro-adina aurreratzeko eta gaixotasun profesional larriak dituztenentzako laguntzak ere.

Jon Altunak, bestalde, sektorearen zahartzea azpimarratu zuen, garraiolari gehienak erretirotik gertu baitaude. “Diotenez, Europak milaka garraiolari behar ditu, langabeziari buruzko estatistikek gora egiten jarraitzen dute; beraz, garraioan hasteko prestu den gazterik ez bada, baldintzak oso txarrak direlako izango da. Garraio arloko Lanbide Heziketa ere eskatzen ari da Hiru, baina are garrantzitsuagoa da errepidean lan egiten dutenen lan-baldintzak hobetzea, arrisku handiko sektote honetan, ez bakarrik egun osoa errepidean pasatzen dutelako soilik, baita inbertsio eta ahalegin handia eskatzen duelako ere”.

Kamioi ilara luzea Iruñako sarreran.

Hiruko ordezkariak Nafarroako Gobernuaren lehiatilan.

La Sextako kazetariak Williren kamioian.