Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraioaren problematikak agerian izan ziren Hiru sindikatuaren urteko batzar orokorrean

Hiru sindikatuaren ohiko batzar orokorrean afiliatuek eta arduradunek egindako mintzaldietan presente izan ziren sektorearen arazoak: garraiolarien zahartzea, 60 urterekin erretiroa hartzeko aldarrikapena eta erreleborik eza, alde batetik; errepidean gertatzen diren istripuen ugaritasuna eta ondorioz, izaten diren heriotzen kopurua ere salatu ziren bestetik. Beste bi hil dira aurreko astean. TKV taldeko Orixol Garraioak enpresako 25 urteko garraiolari bat, hilabete erietxean egon ondoren martxoaren 13an Eskoriatzako Ederlan enpresan larriki zauritu zenetik eta Lleidan 59 urteko garraiolaria kamioiaren kabinan. Bada, dagoeneko sei dira 2024an kamioian hil direnak.

Sindikatuaren jardunaren errepasoan laneko ezbehar-tasa altu hori nabarmendu zuen Alberto Nuñezek. Gogora ekarri zuen urtea hasi denetik sei euskal garraiolari hil direla errepideetan; iaz, 59 langile hil ziren lan-istripuz, horietatik 10 garraiolariak; “langile bat hiltzen den bakoitzean publikoki salatzen du HIRUk, beste sindikatuekin batera (LAB, ESK, ESTEILAS, EHNE-Etxalde) baldintza kaxkar orokorrek horretan duten eragina, enpresa-arduradunen erantzukizuna eta Administrazioaren utzikeria: “erantzukizuna zuzena da, prebentzioan eta segurtasun arauen kontrolean dituzten gabeziengatik. Horrek guztiak eragiten ditu behin eta berriro gertatzen diren istripuak.” 

Nuñezek salatu zuenez, “sektoreko lan-baldintzek okerrera egiten dute urteotan, merkatuak inposatzen duen testuingurua oso arriskutsua da, garraio-zerbitzuak kontratatzen dituzten bezeroen nahi eta premiak nagusitzen dira; horrek presio handia eragiten die garraiolariei, desorduetan lan egiten dute, ahalik eta pisu handienarekin edo tarifa urriekin. Horrek ondorio latzak ditu. Apirilaren 25ean, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren aurretik, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan goizean egingo diren agerraldi eta protesten berri ere eman zuen. 

Sektorearen zahartzea behin eta berriro aipatu zen apirilaren 13an, Langraitzeko gizarte-etxean egindako batzarrean. Ezbehar tasa altu horren faktore erabakigarria da. Argi dago ez dagoela belaunaldi-erreleborik, ezta “lan-baldintza erakargarririk ere profesional gazteak horretan hasi daitezen”. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen ikerketen ondorioa aipatu zuen Núñezek, garraiolarien adina eta arriskua lotzen ditu; izan ere, 55 urtetik gorakoen lan-istripuen kopurua gainerako sektoreena baino hiru aldiz handiagoa da adin-tarte berari dagokionez. Errepideko garraiolari guztiak 60 urterekin erretiratzeko aukera izan dezaten aldarrikapen historikoari eusten dio Hiruk. 
Ildo horretan, Hiruko arduradunek azaldu zuten Senatuak eta Madrilgo Kongresuak hainbat aldiz jorratu dutela gaia beren saioetan, azkena, batzarra baino lau egun lehenago: Goi Ganberako Garraio Batzordeak onartu egin zuen  sektorean erretiro aurreratua errazteko koefiziente murriztaileak ezartzeko ERCren eskaria: dena den erabakiek ez dute aurrera egiten, ez dira oraingoz mamitu eta “gomendio” hutsetan gelditzen dira. 2018an, Senatuak antzeko akordio bat onartu zuen. Bestalde, urtero jarduera bertan behera uzteko Madrilek ematen dituen laguntza urriak kritikatu zituzten Hiruko arduradunek. Garraiolari gutxi batzuri soilik iristen zaizkie

Sindikatuek Madrilgo Gobernuarekin elkarrizketa sozialeko mahaian dituzten negoziazioak ere aipatu ziren. Aldarrikapen historiko hau mamitu ahal izateko sindikatuak presionatzen eta bultzatzen jarraitu dezala  eskatu zioten afiliatu batzuek Hiruko arduradunei larunbateko batzarrean.  

Bestalde, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek kamioiei ezarri dizkieten bidesariak ere aztertu ziren bileran, baita Nafarroan jartzeko planaren inpasse egoera ere; halaber, epaitegiek baliogabetu arren ordaindutako bidesariei buruzko erreklamazioak eta moduluen zerga-sisteman gerta daitezkeen zerga-aldaketak aipatu ziren.

Hiru sindikatuaren, Bideko kooperatibak eta Babesa elkartearen batzar orokorretan, 2023ko kontuak eta hurrengo urterako aurrekontuak onartu zituzten. Nuñezek adierazi zuen azken hiru urteak hazkunde eta egonkortasun urteak izan direla. Emaitzak, hein handi batean, afiliazio-mailaren eta horiek erabiltzen dituzten zerbitzuen bidez lortutako diru-sarreren menpekoak dira. 2021eko otsailean afiliatu kopuruak hondoa jo zuen. Ordutik aurrera joera positiboa da eta 2008ko krisitik sindikatuak jasan zuen beheranzko joera etengabea hautsi zen, egun afiliatuen batez besteko adina altua izan arren. Bloke nagusia, ia erdia, %48, 55 eta 65 urte bitarteko adin-tartean da. Datozen bost urteetan 205 afiliatuk beteko dute erretiro-adina. “Zahartzea ez da soilik Hiruren arazoa, sektorearen barruan denen ezaugarria da, ziurgabetasuna Dakar, gainditu beharreko erronka handia da”.