Irailetik indarrean dago jada zamalanak egiteko debekua garraio astunaren alorrean, behin sei hilabeteko luzamendua amaituta. Martxoan onartutako 3/2022 Errege Lege Dekretuak arauaren salbuespen batzuk jasotzen ditu, eta ezartzen du, garraiolariaren eta bezeroaren artean zamalanak egitea adosten den kasuetan, karga-deskarga aparte ordainduko dela eta horrela jasoko dela fakturan.
Garraiolari autonomoen eta, oro har, sektorearen aldarrikapen historikoa izan da zamalanak debekatzea, 7 ‘5 tona baino gehiago eramaten dituzten garraiolarien kasuan Gidari autonomoei zein soldatapekoei eragiten die, baita atzerriko garraio enpresetakoei ere.
Arauan ezarritako debekuaren salbuespenak merkantzien garraio- edo hartzaile-mota batzuei buruzkoak dira:
– Etxe-aldaketak.
– Zisternak.
– Erainkuntza lanetako garraioak.
– Errepidean laguntzeko ibilgailuak eta garabiak.
– Paketeria.
– Abere bizien garraioa.
– karga zatikatua, banaketa-zentro baten eta salmenta-puntu baten artean. Kasu horretan, gidariak deskarga saltokian baino ez du egingo, eta eguneroko lanaldiaren barruan egin beharko du bere jarduera, baldin eta horrek ohiko lantokira edo bizilekura itzultzea ahalbidetzen badio. Banaketa-zentroko zamalanetan ere parte hartu ahal izango du, betiere kargatzailearen eta garraiolariaren artean urtebete edo gehiagoko kontratua hitzartu bada.
Zamalanen ordainketa bereizia
Aipatutako garraio guztietan, garraio-enpresak zamalanengatiko gehigarri bat jaso beharko du, garraioaren preziotik bereizia, eta lan horiek egitearen kostuari dagokiona.
Debekua ez betetzea arau-hauste oso larria da, 4.001 eta 6.000 euro arteko zigorra izango duena. Bi aldeak zigortuko dira, garraio-enpresa eta bezeroa, hau da, debekua bete ez duen zentroaren titularra. Araua hausteak ondorioak izango ditu laneko arriskuen prebentzioaren arloan ere, eta zigor penalak jarriko dira, debekuari kasu egin gabe lanean ari den garraiolariak istripua izaten baldin badu.
Hiru Garraiolari Autonomoen sindikatuak berriki eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzari, garraio arineko beste elkarte batzuekin batera, kontrola dezala, oro har debeku hori betetzen dela, eta, garraiolari arinen kasuan, ez dagozkien baina egiten dituzten beste hainbat lanen kontrola ugaritzeko. Kanpaina bat egingo dutela agindu Ikuskaritzak.