Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Agerraldia 11.00etan Iruñean aurreko astean Lleidan hil zen garraiolaria oroitzeko

Aurreko astean, Rafa Tirapu, 58 urteko garraiolari nafarra hil zen Lleidan, kamioiaren kabinaren barruan zela, iktus edo bihotzeko baten eraginez. Agerraldi, protesta eta omenaldia egin du Hiruk LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta CGT sindikatuekin batera, asteazkenean hilaren 17an goizeko 11.00etan Iruñean, Merindadeen plazan, Madrileko Gobernu ordezkaritzaren aurrean. Prekaritateak, lan baldintza kaxkarrek, hil egiten duela salatu dute euskal sindikatuek bertan. Aldi berean garraiolariei 60 urterekin erretiratzeko aukera zabaltzeko eskatu dute. Sei dira jada aurten errepidean hil diren garraiolariak. Urteko lehen hilabeteotan markak hautsi dira. Izan ere, hilero garraiolari bat hiltzen da bataz beste eta apirilerako sei hil dira aurten. 

Nabarmentzekoa da bizia galdu duen gidariaren adina: 58 urte. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan hasten, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Egoera hori arriskutsua da, bai garraiolarientzat eurentzat, eta baita errepidearen gainerako erabiltzaile guztientzat ere. 

Adin batetik aurrera, nekea, arazo kardiobaskularrak eta beste zenbait osasun arazo areagotu egiten dira, arreta galdu daiteke eta, ondorioz, istripua izateko arriskua handitzen da. Horregatik guztiarengatik, aspalditik ari da eskatzen Hiru, 60 urterekin erretiratzeko aukera izan dezatela garraiolariek, arriskutsutzat jotzen diren beste jarduera batzuetako profesionalek bezala. 

Baina Administrazioak beste aldera begiratzen du eta ez ditu arazoari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzen. Iaz hamar garraiolari hil ziren lan-istripuetan, ia bat hilero. Aurten sei dira apirilerako. Agintariek hobeto kontrola zitzaketen garraiolarien ordutegiak, zamen pisuak edo lanen prezioak, kontuan hartuta ordutegi-presioak, estresak, gehiegizko pisua duten kargek, sektoreko zerbitzuen prezio baxuek, lanaldi luzeek, ez dagozkien zamalanek eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek arriskuan jartzen dutela garraiolarien duintasuna eta segurtasuna, baita haien bizitza bera ere kasurik okerrenetan.

Argi dago prekarietatea eta lan-baldintza gogorrak daudela heriotza horien atzean. Harreman zuzena dago lan-ezbeharren eta sektoreak oro har bizi duen egoera txarraren artean. Bien bitartean, kasu horietako askotan, Administrazioak ezkutatu egiten ditu lan-istripu horiek, eta ez ditu estatistika ofizialetan halakotzat hartzen, trafiko-istripu edo heriotza natural gisa baizik.

Sindikatuak egiaztatu duenez, garraiolaria kontratatzen duten bezeroen presak eta, ondorioz, garraiolariei eragindako presioak ondorio latzak izaten dituzte: esaterako desorduetan lan egitera behartzeak, ahalik eta pisurik handienarekin kargatzeak edo tarifa urriek eragin ditzakete horrelako istripuak. Aste honetan ikusi da, istripuak jokabide desegokien ondorio dira, aipatutako presa eta presioek, zein sektoreko lan-baldintza gero eta okerragoek profesionalen euren eta errepideko beste erabiltzaile batzuen heriotzak eragin ditzake.