Langile Autonomoen Araubide Berezia berritu du Madrileko Gobernuak eta beraz aldaketak izango dira garraiolari autonomoen kotizazio-sisteman, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Lan-kontraturik gabeko jarduera ekonomikoetan dabiltzanek kotizatu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, mozkin edota irabazi-tarte batzuk dituzten taula batzuk erabiliko dira. Horiek finkatzen dute kuota urteko etekin garbien arabera. Kotizatu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, autonomoen kuota, sarrerak eta gastu kengarriak kontuan izango dira eta kopuru horri % 7 kenduko zaio.
Jadanik autonomo diren garraiolariak oraingoz libre dira, 2023. urtean ez dute kotizazio-oinarria egokitu beharrik: aldaketarik jakinarazi ezean, 2022ko abenduaren 31n duten oinarriaren gainean kotizatzen jarraituko dute. Errendimendu txikia badute ere, urte amaieran daukaten kotizazio-oinarria erabiliko dute.
Autonomoak bere kotizazio-tartearen arabera ordainduko du. Urtean zehar errendimenduak aldatzen badira, zuzendu ahal izango ditu. Autonomoen Erregimenean alta ematean, urte natural horretako etekin garbien aurreikuspena egin behar du, eta kopuru hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari jakinarazi, Import@ss. aplikazio mugikorraren bidez: Urtean zehar errendimenduak aldatzen badira, kotizazio-oinarria aldatu ahal izango da errendimendu horien arabera, Import@s aplikazio mugikorraren bidez.
Kotizazio-oinarriak martxoaren 1etik aurrera aldatuko dira eskaera urteko lehen bi hilabeteetan egiten bada, eta horrela, hurrenez hurren, maiatzaren 1ean, uztailaren 1ean, irailaren 1ean, azaroaren 1ean edota hurrengo urteko urtarrilaren 1ean.
Urte naturala amaitutakoan, kotizazio-oinarria ez badator benetan lortutako etekinekin bat, Gizarte Segurantzaren eta Ogasunaren Diruzaintza Nagusiak datuak gurutzatu eta zuzenketa proposatuko du, hau da, komunikatutako mozkinen datuak urte horretan jardueragatik lortutako benetako onurekin alderatuko dira, okerra zuzendu eta dagokiona ordaindu edo kobratuko da.
Garraiolari autonomoak dagokion kotizazio-oinarria baino txikiagoa aukeratu badu, Administrazioak jakinaraziko dio kotizazio-oinarriaren azpitik delako ordaindu beharko duen zenbatekoa. Dagokion kotizazio-oinarria baino handiagoa badu, Administrazioak ofizioz itzuliko du diferentzia, kotizazio-soberakinaren jakinarazpenetik, hurrengo maiatzaren 31 baino lehen.
Enpresa batean parte hartzen duten autonomoen kasuan, 2023. urterako gutxieneko kotizazio-oinarria mila eurokoa izango da. Gobernuak hurrengo bi urteetan ezarriko du gutxieneko hori, 2024an eta 2025ean, eta 2026tik aurrera Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean finkatuko da.
Dekretuak zenbait hobari edo murrizketa ezartzen ditu kuotan, baita tarifa lau bat ere. Lehen aldiz alta ematen duten autonomoek 80 euroko kuota ordainduko dute lehen 12 hilabeteetan. Hurrengo 12 hilabeteetan ere 80 €-ko kuota ordainduko dute, betiere errendimendu garbiek ez badute Lanbide arteko Gutxieneko Soldata gainditzen.
60 euroko tarifa lauarekin zergak ordaintzen dituztenek 60 euroko tarifa murriztua baliatzen jarraitu ahal izango dute urte osoan, urtarrilaren 1ean indarrean sartzen denetik, 12 hilabeteko gehieneko epea agortu arte.
Minbizia edo beste edozein gaixotasun larri duten adingabeak zaintzeko prestazioa jasotzen dutenek autonomoen kuotaren % 75eko hobaria izango dute laguntza hori jasotzen duten bitartean.
Seme-alabak jaiotzeagatik, adopzioengatik eta antzekoengatik hobariak dituztenek kuotaren % 80ko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute 24 hilabetez.