Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Batzarra hilaren 18an Eibarko UNIan garraiolariei jarritako bidesariei buruz

Hiru Garraiolari Autonomoen Sindikatuak batzar irekia deitu du Gipuzkoan eta Bizkaian garraiolariei jarri zaizkien bidesarien gaia jorratzeko. Jakina da urtarrilaren 23tik eta 25etik kobratzen zaiela, hurrenez hurren, kamioiei. Batzarra martxoaren 18an egingo da, goizeko 10.00etan, bi herrialde horien mugan, Eibar eta Ermua artean dagoen UNIan.

Garraiolari gehienek zailtasunak dituzte bidesarien gastua bezeroei pasatzeko, gutxi batzuk soilik lortu dute. Foru aldundiek ez ditu horretan garraiolariak lagundu, soilik hauei bidesaria kobratzera mugatu dira. Mekanismo edo tresnaren bat aktibatu beharko lukete, bezeroek nahitaez beren gain har dezaten gastu berria. Garraiolari askorentzat buruhauste handia da. 

Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak urtarrilaren amaieratik ari dira bidesaria kobratzen, baina oraingoz ez diete faktura bat ere egin garraiolariei. Momentuz ez dute garraiolariek hilero jasoko duten “sustoa” jaso. Garraiolariak faktura behar du bezeroei bidesarien dirua eskatu ahal izateko. Bezero gehienek ez dute ezer jakin nahi, Administrazioak ordainarazi beharko lituzke, gastu hori bere gain hartu dezaten.  

Bestalde, oraindik ere, Gipuzkoan 2018ko urtarrilean ezarritako aurreko bidesariaren ondorioak pairatzen ari dira garraiolariak. Herrialde horretako Foru Aldundiak ez du itzuli auzitegiek baliogabetu arren garraiolariei atzeman zien dirurik. Ez automatikoki, egindako kobrantzen informazio dena eduki arren, ezta bestela ere. Era guztietako traba eta oztopoak jarri ditu kaltetutako garraiolariek dirua berreskuratu ez dezaten, eta ez da gutxi 2018ko urtarriletik 2021eko urrira bitartean kobratu baitzuten bidesaria, bidegabeki bada ere, horretarako trikimailuak erabiliz, arau bat baliogabetzerako beste bat abian edukitzea, edota baliogabetuta egon arren, agiri ofizialean ez zelako argitaratu. 

Bidegik ez zituen aintzat hartu eta atzera bota zituen mila garraiolarik baino gehiagok aurkeztutako erreklamazioak, eta hauek auzitegietara jo behar izan dute. Hala ere soilik 250k hartu dute erabaki hori. Bidegira jo zutenen 4tik 3k atzera egin dute, epaitegira jotzeak abokatua kontratatzea eta beste gastu batzuk dituelako. Aldundiak jarritako oztopoek askorengan etsipena eragin du.  

Donostiako epaitegi batek duela gutxi argitaratutako epai batean ebatzi zuenez, Aldundiak 13.000 euro itzuli behar dizkie guztira 2018ko urtarriletik 2021eko urrira bidegabe kobratutako dirua erreklamatu zuten hiru garraiolariri. Aurrekari ona da.