Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Bidegik uko egin dio bidesariei buruz mintzatzeko garraiolarien bilera eskaerari

Bidegik uko egin dio Hiruko ordezkariekin biltzeari, A-15 eta N1 errepideetan kamioiei bidesaria ezarri zien 7/2016 Foru Arauaren baliogabetzeari eta arau horren bidez kobratutako bidesariak itzultzari buruz mintzatzeko. Auzitegi Gorenak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia berretsi ondoren, Hiruren eskaerari erantzunean zera adierazi du arau hori baliogabetzat jo arren, ez duela Administrazioa behartzen ordaindutako kopuruak itzultzeari dagokionez. Hori dela eta, ez du garraiolarien ordezkariekin hitz egin nahi, ezta Gorenak baliogabetutako araua indarrean egon zen bitartean modu irregularrean kobratutako zenbatekoak itzultzerik ere ez. Ulertzen da ez duela ordaindutakoa itzuliko, ezta gaia jorratuko ere, eta, dirudienez, artatuko dituen erreklamazio bakarrak bide judizialetik iristen zaizkionak izango dira.

Beraz, Hiru sindikatuak garraiolari autonomoei adierazten die 2018ko urtarrilaren 8tik 2019ko maiatzaren 14ra bitartean ordaindutako bidesarien fakturak bilatu ditzatela, erreklamazioak egiteko beharko dituzte eta.

Bidegik ezezko erantzuna eman dio Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak Gipuzkoako errepideetan kamioien bidesariak martxan jarri zituen araua baliogabetzeari buruz egindako bilera eskaerari. Alde batetik, aitortzen du araua baliogabetu dela, Gorenak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurreko epaia baiesten duela, alegia; Eta, beste alde batetik, adierazi du ezin zaiola ezer eskatu, epaiak ez duelako erabakirik hartzen baliogabetutako araua indarrean egon zen bitartean egindako ordainketak itzultzeari buruz: “7/2016 Foru Arauaren deuseztasun-deklarazioak ez du administrazioa kondenatzen erabiltzaileek ordaindutako zenbatekoak itzultzeari dagokionez. Epai horrek ez duenez gai horri buruzko erabakirik (demandatzaileek ere ez zuten eskatu), erabiltzaileek egitate zehatzak aurkaratu beharko dituzte, eta auzitegi eskudunek aldeko epaia eman beharko dute”.

Hori bai, erantzunean, agerikoa aitortzen du “Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien salak (bigarren sekzioa) emandako epaiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek jarritako 4191/2018 kasazio-errekurtsoak ebazten dituenak, adierazten du ez dela bidezkoa errekurtso horiek jartzea, eta berretsi egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak emandako epaia, arau horren deuseztasuna deklaratzen zuena”. Hala ere, esan bezala, Bidegik ez du uste, garraiolariek izan dituzten ondorioei buruz hitzegitera eta erantzutera beharturik dagoenik.