Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Bidesarien gaiarekin arduraz jokatzeko eskatu dio Hiruk Gipuzkoako Aldundiari

Hiru, Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen sindikatuak arduraz jokatzeko eskatu nahi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, N1 eta A15 kamioiei ezarritako bidesaria kentzeko eta 2018tik garraiolariei irregularki kobratutakoa itzultzeko. Hiruren ustez, ez da bidezkoa Aldundiaren jarrera eta jokabidea, N1 eta A15 errepidetan bidesaria kobratzen jarraitzen duelako, Epaitegi Gorenak atzera bota duen arren. Beraz, sistema bertan behera uzteko eskatzen dio eta bidegabeki jasotakoa ofizioz itzuli dezala garraiolarien eskaerei itxaron gabe. 

Larria iruditzen zaio Garraiolarien Sindikatuari Aldundiko Mugikortasun eta Garraio saileko arduradunen jokabidea, epaitegien erabakia jakin arren, bidesarien sistemari eusten diolako. Ez da zilegia, epaileek araua atzera botatzen badute, antzeko beste arau bat onartzea kobratzen jarraitzeko, nahiz eta jakin hori ere bertan behera geldituko dela. 

Jokabide makurra eta argudio merkeak darabilkiela uste dute garraiolariek, hau da, Euskal Herriko Epaitegi Gorenak arau bat atzera botatzen badu eta Madrileko Epaitegi Gorenak baieztatu, Aldundiak beste arau bat jartzea indarrean. Orain artean hori gertatu da.  

2018ko urtarrilean bidesariak ezartzeko abian jarri zen lehen foru agindua eta urte horretako azaroko bigarren agindua baliogabetu ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Euskal auzitegiaren lehen baliogabetzea Auzitegi Gorenak berretsi zuen martxoan; orain ez ditu onartu Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek bigarren epaiaren aurka jarritako helegiteak. Hala ere, Aldundiak kamioiei tasa kobratzen jarraituko duela adierazi du.  Bi arau horiek atzera bota badira ere, hirugarren arau bat aterako duela bidesaria kobratzen jarraitzeko.  

Hiruk ez du ulertzen Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Garraioko Departamentuaren jokabide temati eta zentzugabe hori, auzitegiek behin eta berriz baliogabetutako sistemari eustea, jakinik, interesak, errekarguak, zehapenak eta kostu bidegabeak sortuko dituelako, guztion diruarekin ordaindu beharko direnak. Administrazioa arduragabe ari da, argi eta garbi. Egunen batean epaileek dena itzultzeko agintzen badute galera handia izango da. Horregatik behin behinean sistema bertan behera uzteko eskatzen du Hiruk, batetik, eta garraiolariei bidegabeki kobratutakoa berehala itzultzeko ofizioz, eskaeren zain egon gabe, bestetik. Jakina da sistema automatikoa dela, zuzenean kobratzen zaiela garraiolariei kamioia errepide horietatik pasatzen diren aldi bakoitzeko tasa, eta itzulpena automatikoki egiteko zailtasunik ez dagoela; datu guztiak dituzte eta erabiltzaileak ondo identifikaturik, beraz ez dago itzultzeak atzeratzeko arrazoirik.  

Bide-azpiegiturak ondasun publikoak dira, denok ordaintzen ditugu zergen bidez, guztiok gara horien erabiltzaileak. Errepideetako garraioa zerbitzu publikoa da. Administrazioak ematen du horretan jarduteko baimena garraio-txartelen bidez. Publikoki garraioa funtsezkoa, behar beharrezkoa, ezinbestekoa dela diote.


Hiruren ustez bidesaria garraiolariei bakarrik ezartzea, baztertzailea da, errepideen berrordainketa azkenari kargatzea, katearen zatirik ahulenari. Azken finean errepideen erabiltzailea produktua bera da, kontsumitzailearengana iritsiko dena. Garraiolaria bitartekaria besterik ez da, zeregin horretan ari dena, ez gustuz, gizarteak eskatzen diona eskaintzen baizik. Garraiolariak ekartzen-eramaten ditu gizarteak eta enpresen behar dituzten produktuak.