Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Correos Express-eko hamaika langile kaleratu dituzte kontratu prekarioa ez dutelako sinatu

Correos Express enpresak urtetan beraintzat jardun diren hamaika garraiolari autonomo lanik gabe utzi ditu, hauek ez dutelako gehiegikeriaz betetako kontratu berria sinatu nahi izan. 2024rako kontratu horietako baldintzak oso kaxkarrak dira, astelehenetik larunbatera lan egin behar dute, igandean ere bai, enpresak 48 ordu lehenago eskatzen badu. Tarifa oso urriak dira, ez dira bideragarriak langilearentzat, ezingo lituzke dituen gastuak, besteak beste, ibilgailua, erregaia, tailerra, bidesariak eta abar ordaindu. Oro har, garraio arinean ari diren autonomoen sektoreko baldintzak oso eskasak dira. Langileek ez dute tarifak, atsedenaldiak, oporrak edo kaleratzeen ondorengo kalte-ordainak negoziatzeko eskubiderik; enpresek erabakitzen dituzte garraiolari autonomo horien lan-baldintzak eta bete-beharrak. 

Correos Express Paqueteria Urgente SA enpresako Bizkaiko egoitzan lana egiten duten zortzi banatzaile autonomok joan den abenduaren 26an jaso zuten enpresaren gutuna 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera zerbitzuak ematen jarraitzeko kontratu berri bat sinatzeko eskatuz.  Enpresa Estatu mailako Merkataritza Sozietatea da eta langileak “historikoak”, horrela deituak Correos Express enpresarentzat bakarrik lanean ibilbide luzea dutelako (20 eta 35 urte bitartean). 

Jakinarazpenean ez zen kontratuaren baldintzen eta berezitasunen berri ematen; banatzaileek eskatu egin behar izan dute. Baldintza horiek eta kontratua bera, Correos Expressek idatzi ditu erabat; alde bakarrak, banatzaileek ez dute ezer esaterik izan; morrontza eta menpekotasunaren adibide argia da. Enpresak langileen morrontza-konpromisoa nahi du, bere menpe izatea. 

Enpresak sinatzeko proposatutako kontratuaren baldintzak eta betebeharrak onartezinak dira: Astelehenetik larunbatera enpresarentzat lan egin beharra; igande eta jaiegunetan ere bai, enpresak 48 ordu lehenago eskatuz gero. Hori gutxi balitz beste hainbat gehiegikeria, zigor klausula eta neurriz kanpoko baldintza proposatzen ditu Correos Express-ek, lanak eta zerbitzuak enpresak berak finkatutako baldintzetan egiten ez baldin badira. Esate baterako, egunero 150 euroko zigorra jasoko dute banatzaile autonomoek ibilgailua enpresak nahi duen egoeran ez baldin badago, txukun eta garbi, enpresak arbitrarioki erabakitako baldintzetan. 

Gainera, enpresak kontratu horretan finkatu dituen tarifak oso urriak eta eskasak dira, gutxiengo mailara ere ez dira iristen. Baldintza horietan langile autonomoak ezin zerbitzurik eskaini, ez lukelako irabaziko ezta bere kostu finkoak (ibilgailuak eta inbertsioa) eta aldakorrak (erregaia, tailerrak, bidesariak…) ordaintzeko ere. Beraz, ez da bideragarria langilearentzat, kontuan izanik egungo egoera ekonomiko larria, kontsumo prezioen etengabeko igoera eta inflazio-testuingurua. 

Banatzaile autonomoek, 2024ko urtarrilaren 2an, “kontratu berri” hori sinatzeari uko egin ziotenez, horietako sei kanporatu egin dituzte. Enpresak alde bakarreko erabakia hartu du, jada, etorkizunean, ez dute Correo Expressentzat azken hamarkadetan emandako banaketa-zerbitzurik eskaintzerik izango. Egun batzuk beranduago berdina gertatu zitzaien Arabako beste bost banatzaileri.

Errepideko garraioan ari diren autonomoen ordezkari Hiru, Asotrava eta UGT-Uniatramc sindikatu eta elkarteek elkarrekin salatzen dugu Correos Express enpresaren jarrera eta jokabidea: alde bakarrekoa, lotsa gutxikoa eta estortsioz betea. Are larriagoa, kontuan izanik, gainera, Correos taldeko enpresa publikoa dela Express.

Aspalditik ari gara elkarrekin lanean hiru elkarteak, (Hiru, Asotrava eta UGT-Uniatramc), garraio arinean diharduten garraiolari autonomoen baldintza kaxkarrak hobetu nahian. Horregatik salatu ditugu Bizkaiko Correos Express-ekolantokian antzemandako irregulartasun guztiak Lan eta Garraio Ikuskaritzan.

Irregulartasunak ugari dira: berez biltegiko langileen lanak direnak, Correos Expresseko banatzaileei derrigortzea; soilik enpresa horrentzat lan egiten duten arren, autonomo horiek TRADE gisa ez aitortzea; legea betetzen ez duten autonomo eta enpresak kontratatzea, besteak beste, garraio-baimenik gabeko ibilgailuak, alta eman gabeko soldatapekoen azpikontratazio iruzurtiak eta abar.

Garraio arinean dabiltzan langile autonomoen eguneroko egoera oso larria da, esplotazioaren paradisua da enpresentzat: enpresak erabakitzen ditu langileen tarifa, baldintza eta bete beharrak. Horrela garraiolari autonomo horiek ez dute atsedena, oporrak, kaleratu ondorengo kalte-ordainak edo lan-baldintzak negoziatu eta hitzartzeko eskubiderik.