A636 Peajerik Ez plataformarekin batera Urretxu-Zumarragan
Deskargan Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri duen bidesariaren aurkako protesta egin dute Hiru sindikatuak eta A636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak, larunbatean, hilaren 12an, Urretxu eta Zumarragako kaleetan zehar, goizeko 11:00etan bi herriak lotzen dituen Pirulotik hasita. Ehundaka lagunek, Peajerik Ez aldarrikapena izan dute ahoan, lelo berbera paparrean.
Bidesarien inguruan jarrera argia du Hiruk. Agintariek joera dute azken aldian, zakua zerga berriekin betetzeko, konkretuki bidesariei dagokionez, gero eta gehiago jartzen ari dira, eta gerora ere jarriko dira. Ikusi dugu nola 2018an kamioei Gipuzkoan, N1ean eta A15ean, bidesaria jarri zitzaiela gero epaitegiek baliogabetu zuten arren. Hiruren ustez, errepideak ondasun publikoak dira, denok erabiltzen ditugunak eta publikoki, zergekin jasotakoaren bidez, konpondu beharko liratekeenak. Ez da zilegi, erabiltzaile batzuei konponketa kargatzea.
Kasu konkretu honetan ikusten dugu berriro garraiolariak zigortzen direla. Beasain eta Bergara artean, Deskargan, A636 errepidean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri duen bidesariak garraiolariei eragingo die bereziki; bikoitza ordainduko dute, turismoekin alderatuta, 5,15 euro kamioiek, 2,53 euro autoek eta ez dute ibilbide alternatibo bat erabiltzeko aukerarik izango, Deskarga mendateko errepide zaharretik zirkulatzea debekatuta baitute kamioiek.
Betikoa, garraiolariak ezinbestekoak direla esaten dute agintariek, gizarteak eta enpresek behar dituzten produktu eta materialen garraioa behar beharrezkoa dela, baina gero ez dute garraioa zaintzen, ez dituzte garraiolariak babesten eta larri dabiltzan garraiolariei gastu berriak jartzen zaizkie, esaterako bidesariak. Gipuzkoako Foru Aldundiak badu horretan zer aldatua, garraiolarien poltsikotik bete nahi du zakua, jakina da 2018ko urtarriletik kobratu diela N1 eta A15ean, gero auzitegiek baliogabetu zuten arren, foru arau berri bat onartuta dauka eta Europako Batzordearen oniritziaren zain dira, datorren urtetik aurrera berriro kobratzeko. Berriro jartzea baino, hobe luke garraiolariei bidegabeki kobratutakoa berehala itzultzea.
Hiru sindikatuaren ustez, errepideak azpiegitura eta ondasun publikoak dira, guztiok gara erabiltzaileak eta guztiok ordaintzen ditugu zergen bidez. Errepideetako garraioa ere berez zerbitzu publikoa da, Administrazioak ematen du horretarako baimena, eta beraz, errepideen konponketa garraiolarien bizkarrera botatzea, azkenari, errepideko langileari eta katearen zatirik ahulenari kargatzea, ez da zilegi. Azken finean errepideen erabiltzailea produktua eta materiala bera da, kontsumitzailearengana iritsiko dena. Garraiolaria bitartekaria besterik ez da, zeregin horretan ari dena, ez gustuz, gizarteak eskatzen diona eskaintzen baizik. Garraiolariak ekartzen-eramaten ditu gizarteak eta enpresek behar dituzten produktuak.
Horregatik kamioiei bidesariak jartzea edo gehiago kobratzea bidegabeko erabakiak dira, Hiruren iritziz. Horregatik eskatzen dio Gipuzkoako Foru aldundiari, batetik, behingoz kamioiei bidesaria kobratzeko sistemak bertan behera uzteko, eta, garraiolariei 2018tik bidegabeki kobratutakoa berehala eta automatikoki itzultzeko, bestetik; ofizioz, garraiolarien eskaeren zain egon gabe. Jakina da arkuen sistema automatikoa dela, zuzenean kobratzen zaiela tasa garraiolariei kamioia errepide horietatik pasatzen diren aldi bakoitzeko, eta, beraz, erraza da itzulpena, automatikoki egiteko zailtasunik ez dago; datu guztiak dituzte eta erabiltzaileak ondo identifikaturik, beraz ez dago itzultzeak atzeratzeko arrazoirik.