Donostiako GI20 saihesbidea berriro zabalik da kamioientzat Loiola auzoaren parean martxoaren 12 asteartetik aurrera. 2023ko otsailetik debekatuta zuten Urumea ibaiaren gaineko biaduktuak igarotzea duela 50 urte eraiki zituzten zubibideak egonkortzeko lanak zirela eta. Beraz asteartetik aurrera ibilgailu astun eta autobusek baimena dute pasatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, amaitu ditu abuztuan hasitako lanak, zubiak behin behinean indartzeko, karga gehiago jasan dezaten. 3,5 tonatik gorako kamioiek berriro erabili dezakete errepidea eta pasa daitezke puntu horretatik. Debekuak Pasaiako portuan lan egiten zuten garraiolariei eragiten zien batez ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2023ko otsailean, Urumea ibaia zeharkatzen duten bidezubiak ikuskatzea erabaki zuen.
50 urte pasa dira biaduktu horiek eraiki zirenetik, kontuan izan behar da, halaber, urtero ibilgailu astun asko igarotzen direla gainetik, eta, beraz, egokia ikusi zuen Aldundiak berrikusi eta eguneratzea. Azterketetan ikusi zen zubibideak zenbait tokitan kalteak zituela, eta, beraz, Urumea ibaiaren gaineko zati horretan premiaz jardun behar zela, gutxi gorabehera bost urte barru egingo zen eraberritze integralaren zain egon gabe.
Aldundiak 15 tona baino gehiagoko kamioientzat debekatzea erabaki zuen, kalterik handiena Pasaiako portuan lan egiten duten garraiolariei eraginez. Asteartetik aurrera berriro saihesbidetik pasatzeko baimena izango dute, 27 poligonoko biribilgunetik igaro eta bertan sortzen diren auto-ilarak jasan gabe.