Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

EAJ eta PSEk ez dute garraio sektorea laguntzeko borondaterik

EAJ eta PSEk garraioaren sektoreak dituen arazo eta erronkei aurre egiteko borondaterik ez dutela agerian geratu zen irailaren 8an Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin zen osoko bilkuran. Atzera bota zuten garraioa sektore estrategikoa dela aitortzeko eta sektoreari laguntzeko neurriak hartzeko eskatzen zuen EH Bilduren proposamena. Elkarrekin Podemosek zuzenketa bat aurkeztu zuen, zera eskatuz, Aldundiak bultzatu ditzala, batetik, sektorearen baldintzak hobetzeko eta bideragarritasuna ziurtatzeko dauden aukera guztiak, bidesariak, fiskalitatea, ikuskapena,… Eta bestetik arau bat onar dezala ziurtatzeko ez dela dela inor egongo gutxieneko kostu batetik behera lan egiten, “lan-esplotazioarekin eta lehia desleialarekin amaitzeko helburuarekin, garraioaren sektoreari kalte larria eragiten baitiote”. Zuzenketa proposamen honi ere ezezkoa eman zioten Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernuan dauden bi alderdiek, EAJ eta PSEk alegia. Martxoan Hiru sindikatuko ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin izandako bileren ondorengo lehen saiakera izan da ebazpen proposamen hau, oraingoz fruiturik eman ez badu ere, ez zuen eta gehiengoaren onarpenik izan.

Irailaren 8ko osoko bilkuran eztabaidatu zen EH Bilduren ebazpen proposamena Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Zenbait neurri proposatu zituen, sektoreari “modu eraginkorrean laguntzeko”, kamioiei ezarri zaien bidesarian %13ko deskontua, 15 joan-etorri baino gehiago egiten dituztenentzat; flotaren berrikuntza laguntzeko aurrekontuak; garraio fakturetan agertu dadila bidesariarengatik ordaintzen den zenbatekoa eta Aldundiak enpresariei publikoki zein pribatuan esateko eurek ordaindu behar dutela;  aitortu dezatela garraio sektoreak euskal gizartean duten garrantzia eta ikuskapenak zorroztu ditzatela, lan baldintza kaxkarrak saihesteko.

Oskar Bordes EH Bilduko batzarkideak sektorea babestu beharra aldarrikatu eta Administrazioaren jarrera kritikatu zuen, “Gipuzkoan salgaien garraioa garrantzi estrategiko handiko sektore ekonomikoa da industriarako, merkataritzarako eta, oro har, gure ekonomiarako. Hala ere, askotan Gipuzkoako ekonomiaren hobekuntza zein orekari egiten dizkion ekarpenak ez dira behar bezala estimatzen. Garraio sektoreak bizi duen egoera kaxkarraren jakitun izan arren, maiz, administrazioek beste alde batera begiratzen dute.” EH Bilduren batzarkideen iritziz, arduragabekeria da Gipuzkoako erakundeek neurri zehatzik ez hartzea. Ez da nahikoa bidesariak karga kontratatzen dutenek ordaindu behar dituztela esatea. “Beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira, batetik, karga hori kontratatzen dutenek Gipuzkoako garraio-sektorearen aldeko apustua egin dezaten, eta bestetik, gertutasun-ekonomia bultzatzeaz gain, kalitatezko lanaren aldeko apustua egiten ari direla ere jakin dezaten. Izan ere, baldintza duinetan eginez gero, Gipuzkoaren aberastasunaren sorreran eragin zuzena edukiko luke”. Beharrezko ikusten du Bilduk egunerokoan garraioaren eta horretan modu eraginkor eta arduratsuan ari direnen izaera estrategikoa aitortzea. Baita garraiolarien babesa,” lehiakostasun handia eta baldintza erdi esklabistak” dituen arlo honetan.

Lehen lerroan, Aintzane Oiarbide, boltsoan begira. Atzean Bilduko ordezkariak, Oskar Bordes, berdez.