Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Energia kudeaketa publikoa eta aberastasun banaketa eskatu ditu Karta Sozialak

Bizi baldintza duinen alde atera dira kalera maiatzaren 26an ehundaka herritar hego Euskal herriko lau hiriburuetan, bizitza duinaren alde, “Bizitza duinak ez dauka preziorik” leloarekin. “Pobretze prozesuen aurrean, energiaren kudeaketa publikoa eta aberastasunaren banaketa aldarrikatzen ditugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuok. Prezioen igoera handia jasaten ari gara. Iazko %6,5eko inflazioa, koiunturala zela esan ziguten. Ez zen egia. Eta orain, urte arteko KPIa % 9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Baina hori ere, ez da egia. Prezioen gorakadaren %70-a Ukrainako guda baino lehen gertatua zen. Bizitzen ari garen Inflazioaren jatorria egiturazkoa da, sistema kapitalistaren berezko espekulazioaren ondorio eta elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemaren ondorio”.

Manifestazioaren bukaeran salatu zutenez “Pobreziaren mugaren azpiko diru-sarrerak dituzte egun milaka langilek, pentsiodunek edo prestazioak jasotzen dituzten pertsonek, bereziki emakumeok. Hala ere, botere ekonomiko eta politikoak pobrezia zabaltzen jarraitzen du, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen, eta beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen ari da, langile eta herritarron erosteko ahalmena erasotzen eta ahultzen ari dira. Hori gutxi balitz, orain, eztabaida zergak jaistean zentratu nahi dute batzuk. Zergarik ezean, nondik ordainduko dituzte zerbitzu publikoak? Sistema publikoa eraisten ari dira, eta are gehiago murriztea da euren asmoa”.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta sei aldarrikapen eta ardatz nagusi dauzkan kanpaina abiatu du: lehenengoz langileon erosteko ahalmena eta gaitasuna mantentzeko, igo daitezela soldatak eta pentsioak gutxienez KPIaren arabera eta kontrolatu dadila energia iturri eta produktuen prezioa. Energia izateko eskubidea gizarte osoari bermatzeko, kudeaketak publikoa izan behar du, energia-sektoreak kontrol publiko eta soziala behar du; argi indarraren prezioa finkatzeko sistema aldatu behar da, sistema marjinalista deuseztu, elektrizitate-konpainiek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak ezabatu eta, azken finean, trantsizio energetikoa demokratikoki burutu dadin ibilbide-orri egokia abian jarri. Hirugarren puntuan, zerbitzu publikoen galera gelditu eta hauek garatzeko apustu egiteko eskatzen da, Kalitatezko Zaintza Sistemak Publikoa Unibertsala eta Doakoa, osasun-zerbitzu publiko egoki eta kalitatezkoa eta hezkuntzara bideratutako aurrekontua Europako batez bestekoarekin parekatu Hezkuntza sistema publikoa zaintzeko. Laugarrenean, etxebizitza eskubidea zaintzeko, beharrezko dira zenbait neurri, besteak beste, alokairuaren prezioa mugatzea, etxebizitza publikoen eskaintza zabaltzea eta etxegabetze guztiak etetea. Honekin batera, pentsioen sistema publikoa eta RGI diru-sarrerak bermatzeko errenta indartu behar dira. Aberastasunaren banaketa oso garrantzitsua da eta horretarako, besteak beste, zerga erreforma sakona ezinbestekoa. Enpresen mozkinengatik, aberastasunarengatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitu behar dira eta zorrari dagokionez, herritarrek auditoria egin. Seigarren eta azken puntuan subiranotasun gehiago eskatzen da, lan merkatua arautu eta indartzeko eskumenak zein babes sistemak izan ditzagun, sektore estrategikoetan, elikadura eta energia-subiranotasuna bultzatzea, besteak beste.