Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Eraikuntza alorreko prekarietatea salatu dute sindikatuek Amenabarren aurrean

Astelehenean, abuztuaren 21ean Amenabar enpresaren Zabaleta harrobian hildako langilearen istripua salatu dute eguerdian ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek, aipatutako enpresak Donostiako Miramon auzoan daukan egoitzan. Langileak 34 urte zituen eta harri handi batek harrapatuta hil zen. 

«Lan istripu gehiagorik ez; prekaritatea hiltzailea» leloaren atzean elkartu dira ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuetako ordezkariak, Donostian, Amenabar enpresaren egoitzaren aurrean, joan den astelehenean 34 urteko gaztearen heriotza eragin zuen lan istripu larria salatzeko. Markinan izan zen ezbeharra, Amenabar eraikuntza enpresa handiaren Zabaleta harrobian. Langilea azpian harrapatu zuen harri handiak eragindako zauriengatik zendu zen.

«Euskal Herrian, behintzat 52 langile hil dira aurten lanean, horietako bost abuztuan”, salatu dute sindikatuek. «Bost egunetik batean behargin bat hiltzen ari da 2022an». Eraikuntza langile bat eta garraiolari bat izan ziren hileko lehenbizikoak, Errenterian bata eta Elgoibarren bestea (Gipuzkoa); beste garraiolari bat Oiartzunen (Gipuzkoa) hil zen joan den astean; baita basomutil bat ere, Zeanurin (Bizkaia).

Patronalak osasun-segurtasun neurriak ez dituela betetzen salatu dute, halaber. «Azken urteetan Amenabar enpresak pilatu dituen lan istripuen zerrenda beltza eta heriotzak ikusi besterik ez dago”, esan dute.

Prebentzio neurrien aplikazioa

Prebentzio neurriak paperean jasota ikusten ohitu direla azaldu dute, gainera; «baina gero ez dituzte neurri horiek errealitatera eramaten, ez dituzte aplikatzen». Sindikatuen arabera, langileek «zailtasunak» dituzte segurtasun neurriak aplika daitezen exijitzeko, «lan harremanak prekaritatean oinarriturik daudelako».

Lan osasunaren arloan «alarma egoera» dagoela uste dute, eta neurriak «berehala» hartzea galdegin dute. «Ezin dugu ulertu nola ez den gai honi buruzko adierazpen bakar bat ere entzun Eusko Jaurlaritzaren ordekarien ahotan: bost egunetik behin langile bat hiltzen da beharrean; non dago Urkullu jauna? Zer egiten ari da Idoia Mendia?», galdetu dute. Lan osasunaren araudia betetzea Eusko Jaurlaritzaren betebeharra dela argitu dute; «ezaguna da araudi hori ez dela betetzen ari».