Gasolioaren prezioaren gorabeherak garraiolarien fakturetara pasatzeko formularen aplikazioa aldatu egingo da uztailaren 1etik aurrera. Argi dago erregaien garestitzeak eragin handia duela garraiolarien jardunean, neurrigabeko igoerak euren etorkizuna baldintzatzen duela, eta prezioak eguneratzea ezinbestekoa dela lanean jarraitzeko.
Martxotik garraioaren prezioa kalkulatzeko erabilitako ehunekoak motz geratu dira eta ez dira benetakoak izan, erregaiaren prezioa kostu osoaren erdia baino gehiago izan baita kasu askotan eta administrazioaren kalkulua ez da maila horretaraino heldiu. Ekainaren 25ean, portzentajea berritzea erabaki zuen Gobernuak, eta uztailaren 1etik aurrera orain arte erabilitakoari %10eko igoera aplikatzeko agindu zuen. Horrela, 20 tona baino gehiagoko garraio astunaren kasuan, %30etik %40ra igoko da; 3,5 eta 20 tona arteko ibilgailuetan, %20tik %30era; eta, azkenik, 3,5 tona baino gutxiagoko garraio arinaren kasuan, %10etik %20ra.
Argi ikusi da hilabeteotan, tarifak gastuen arabera automatikoki berritzeko formula ez dela nahikoa egungo testuinguruan, prezioak etengabe igotzen ari direnez, astero berrikusi daitezela eskatzen du sindikatuak. Formula modu desberdinean erabiltzen ari da sektorean. Garraiolari batzuek gutxi gorabehera arauak zehazten dituen baldintzetan aplikatu dute formula, beste batzuek hobetu ere egin dute, baina badira formula erabili ez dutenak, hainbat arrazoirengatik: bezeroa galtzeko beldurra, ondokoarekiko lehiakortasunaren galera, kargatzaile eta bezeroen ukoa,… Normalean garraiolaria ez dago bere kargatzailarekin negoziatzeko maila berean, parez pare, eta desoreka horren ondorio dira garraiolariak formula aplikatzeko dituen zailtasunak.
Egungo egoeran gerta daiteke lanuzte teknikoa, hau da, tarifak berritu ezean garraiolari batzuek ez dute kamioia arrankatu ere egingo, huskeria irabaziko luketelako, edo kasu batzuetan dirua galdu ere bai. Ondo ordaintzen ez dutenak zerbitzurik gabe geldituko dira. Beraz horrelako geldialdiak gertatuko da, protesta egiteko egindakoak baino.
Nolanahi ere, erregaiaren oligopolioa osatzen duten petrolio-enpresen jarduera ere salatu du Hiru sindikatuak. Argi dago gasolioaren egungo prezioaren oinarrian, enpresa horien irabazteko grina dagoela. Osagai oportunista eta espekulatibo horri esker, erregaiaren prezioak gora eta gora egin du eta ezerezean gelditu da Gobernuak emandako 20 zentimoko hobaria.