Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Errepidean gertatzen diren lan istripuen salaketa ikusgarria Iruñeko Gaztelu plazan

Apirilaren 28an igandean Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Hiruko  garraiolariek beste sindikatuekin batera langileen osasuna sarriegi arriskuan jartzen dela, prekaritateak hilero hainbat lan heriotza eragiten dituela salatu eta langile guztientzat horrelako egoerak saihesteko baldintza duinak eskatu dituzte ostegunean, apirilaren 25ean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin diren protestaldi ezberdinetan. Izan ere, munduan osoan milaka langile hiltzen dira egunero lan istripuetan edota laneko gaitzen eraginez. Euskal Herriko estadistika latzak salatu dituzte sindikatuek.  

Hain juxtu, Iruñean, HIRU, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta CGT sindikatuetako ordezkariak goizeko 11.00 etatik 18.00etara hiriburuko Gaztelu Plazan elkartu dira, bereziki, errepidetan gertatzen diren heriotzak salatzeko. Ikusgarria izan da agerraldia, istripu bat irudikatu dutelako Iruña erdiko plaza nagusian. Datu beldurgarriak dira Nafarroan errepideetako istripu tasei dagokionez, Estatu mailan soilik Balear irlek gainditzen ditu herrialde horretako estatistikak. Urtarriletik herrialde honetan lanean hil diren zortzi pertsonetatik sei errepidean hil dira. Astelehenean bertan Arre eta Huarte artean hil zen 58 urteko garraiolaria oroitu dute osteguneko agerraldian sindikatuek. Nafarroan aurten hil den hirugarren gidaria da. Euskal Herrian zazpi garraiolarik galdu du bizia urteko lehen lau hilabeteotan. 

2024a bereziki tragikoa izaten ari da errepidean bizia galdu duten garraiolari kopuruari erreparatuz. Estatistika txarrenak gainditzen ari gara aurten. Alberto Nuñez Hiru sindikatuko ordezkariak hori guztia salatu du agerralduan. “Hilero garraiolari bat hil ohi da batez beste, eta apirilerako zazpi hil dira aurten, ia bi hilabeteko. Nabarmentzekoa da gainera bidean gelditu diren garraiolari horien adina. Gehienak 60 urtetik gertu ziren. Adin horretan areagotu egiten dira bihotzeko gaixotasun eta arazoak izateko, konortea galtzeko eta istripu hilgarria izateko arriskuak. Horregatik Hiru sindikatuaren aldarrikapen historikoa, 60 urterekin erretiratu ahal izateko aukera. Administrazioak, kontuan hartu beharko luke, gainera, arazo kardiobaskularrek sektorean duten eragin handia laneko arriskuen prebentziorako planak finkatzerakoan”.