Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Ertzantzak ez die utzi garraiolariei, ez Bilbo erdigunera sartzen, ez portura hurbiltzen

Garraioan astebeteko geldialdia bete da, HIRUk sektorearen arazoak azaldu ditu, bere aldarrikapenak aurkeztu administrazioen aurrean, eta uste du unea dela Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei eta Nafarroako Gobernuari zuzenean eskatzeko garraioaren egoera jasangaitzari irtenbidea emango dien beharrezko neurriak har ditzatela. Iruñea, Gasteiz eta Donostian hurrenez hurren Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari konponbidea eskatzeko Hiruko garraiolarien kamioien martxak egin ondoren, gaur iritsi dira Bizkaiko hiriburura, bertan ere, garraiolariei laguntzeko neurri horiek eskatzeko. 

Goizeko 10.30etan Larrabetzuko Bideko Aterpetik abiatu diren kamioiek hiriburuko hainbat etorbide zeharkatzeko asmoa Ertzantzak zapuztu du, debekatu egin baitu karabana Bilbo erdigunera sartzea eta baita Santurtziko portu ingurura hurbiltzea ere. 

Sindikatuko arduradunek Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean kritikatu dute Arantxa Tapiak ez dituela Hiruko garraiolari autonomoak aintzat hartu, joan den astean “sektorea”rekin egindako bileratik kanpo utzi baitzituen. Nafarroako Gobernuak, ordea, erantzun dio Hiruren gonbidapenari eta bihar goizean bilduko dira bi aldeak.

Hiru sindikatuak gaitzetsi egin du hemengo agintari politikoek, oro har, erabaki jakin batzuk hartzeko eskumenik ez dutela argudiatu izana. Hala ere, Hiruko arduradunek adierazi dutenez, “gogorarazi behar da hainbat erabaki hartu direla hemen, eta ez garraioa babesteko, esaterako zerga-sistema aldatu dute eta garraio arloko autonomoentzat Estatu osoko PFEZ garestiena ezarri; herrialde hau zeharkatzen duen bide nagusian garraiolariari bidesaria jarri diote; zuzenean ogasun desberdinetara bidaltzen diren fakturetan beren QR kode bat sartzera behartu dituzte autonomo guztiak; edota Bizkaiko bigarren mailako errepideetan, Barazar 4. mailako mendatean barne, garraiolarientzako bidesari-sistema bat jartzeko 50 milioi euroko aurrekontua iragarri, hain juxtu, aurreko astean, garraioko lanuzte bete-betean”.

Hiruk berretsi du gure administrazioak gai izan behar dutela horri guztiari zentzua emateko, benetan garraioa sektore garrantzitsua eta euskal gizartearentzat, ekonomiarentzat zein enpresentzat ezinbestekoa dela baieztatzeko, neurri egokiak hartuta, euren esparruan gutxieneko baldintzak zainduz, salgaiak errepidez garraiatzeko sare propio indartsua egon dadin, garraiolari autonomoak lan egiten jarraitzeko aukera izan dezan eta ez daitezen desagertu. 

Galdakaon herritarrak kamioien martxari txaloka.