Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Euskal sindikatuek Administrazioaren zorroztasuna eskatu dute patronalak lan osasun arauak bete ditzan

2023ko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute otsailaren 1ean Bilbon LAB, ESK, STEILAS, EHNE, Etxalde eta HIRU sindikatuek. Iazko lan-istripu eta gaixotasun profesionalen inguruko datuen bildumak berretsi egin du azken urteotako joera. Lan orduetan hildako langileen kopurua oso handia da, azken 10 urteotan, gutxienez 587 langile hil dira lan istripuz eta 2023an, 59, horietatik hamar garraiolariak. Ondorio nagusien artean da batetik ez dela istripuak saihesteko neurri eraginkorrik hartzen eta bestetik badirela istripu larri eta heriotza gehiago dituzten sektore jakinak; garraioarekin batera, basogintza, eraikuntza eta industria.  

2023ko-Euskal-Herriko-laneko-ezbeharren-txostena Deskargatu

 Garraiolarien egoerak aipamen berezia du txostenean eta baita sindikatuek emandako prentsaurrekoan. Sektoreko langileek pairatzen dituzten baldintzak urtetik urtera estutzen eta gogortzen ari dira. Nazioarteko merkatuek agintzen dute eta estatuen aldetik ez da inongo babes neurririk hartzen; ondorioz, lan baldintzak kaskartzen dira etengabe, sektore eta lanbide globalizatu honetan.

Iaz hamar garraiolari hil ziren lan-istripuz; horietatik hiru modu “ez traumatikoan”, hau da, kamioian geldirik, kabinan zeudela gertatutakoak. “Lanaldi luzeek, estres maila altuak, lan sedentarioa izateak, digitalizazioaren bidezko kontrol zorrotzak eta presioak eragin latzak ditu sektorean. Istripu traumatiko edota ez traumatikoak pairatzeko agertoki ezinhobea da garraioa”. 

Aipagarria da, batetik, hildako garraiolarien adina. 50 urtetik gora zituzten ia denek. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, ez dago garraiolari gazterik, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Sektoreko jubilazio adina segurtasun ikuspegitik arautu beharra dago, beste ofizio batzuetan egin den bezala, 60 urtetan kokatuz. 

Eta hildakoak gertatzean ez daitezela lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatu, administrazioak ez ditzala heriotza natural edo errepideko trafiko ezbehar gisa hartu. Lan istripuak dira argi eta garbi. Garraiolaria lanean ari zela gertatzen dira. 

Datu ofizialak ere jasotzen ditu txostenak. Hor ikusten dira amarruak. Istripuei buruz enpresa zein mutualitateek emandako datuak hartzen dituztelako aintzat datu ofizialak osatzeko: istripu arin asko ez dira aitortzen eta gainera, bestetik, istripu larri asko mutualitateetako sendagileek arintzat jotzen dituztelako, administrazioen kontrolik gabe. Hala ere, datu ofizialek 100.000 lan istripu aitortzen dituzte.

Gobernuek heriotzen inguruko datuak ere ezkutatzen dituzte. Kasurik ohikoenak garraiolarienak izaten dira edo laneko heriotza bezala hartzen ez diren in itinere, zein in mision istripuen kasuak. Sindikatuon datuen arabera 59 laneko heriotza izan ziren 2023an, eta datu ofizialen arabera, 33. 2024ko lehen hilabetea ere orain arteko joera lazgarriaren erakusle da, urtarrilean 13 hildako izan baitira.

Laneko gaixotasunei dagokienez, mutualitateetako sendagileek erabakitzen dute printzipioz langileak pairatzen duen gaitz horren jatorria lanekoa ala arrunta ote den. Horiek enpresarien alde egiten dute eta datuak urritu. Honen erakusgarri da, alegia, Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) berak aitortzen duela, lan munduan, gaixotasunek istripuek baino heriotza gehiago eragiten dituztela. Baina, erregistro ofizialek, laneko gaixotasunen parte handia ezkutatzen dute. Ia 30 urte martxan daramatzan lan osasuneko araudia ez da betetzen, patronalak lasai asko dabil ez zaie eta zigorrik jartzen. 

Administrazioak, oro har, inpunitate hori babesten du. Iruzur honetan mutualitateak dira gakoa, inpunitate hori eta gobernuen antzutasuna baliatzen duten tresna baliagarria baitira. Ondorioz, OSALAN eta NOPLOIek egiten dituzten plan garestien isla ez da inon ageri.

Egoera latz honen aurrean, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, Etxalde eta HIRU sindikatuok zenbait urrats berri iragarri dituzte: lan istripuetan heriotzak gertatzen direnean protesta elkarretaratzeak, orain arte bezala. Ahal bada, aktibitatea geldiarazi ere bai. Istripu asko ematen diren momentuetan mobilizazio bereziak, Patronalari eta Gobernuari jarrera aldaketa eskatuz. Horrela, otsailaren 14an Bilbon egingo den mobilizazioa iragarri dute, azkenaldian izan den istripu kopurua salatu eta, gobernu zein patronalaren ardurak argitzeko.

Horrekin batera sindikatuek elkarrekin lanean segituko dute, Mutualitateen publifikazioa lortzeko eta patronalak araudia bete dezan Gobernuari benetako bitartekoak eskatzeko: Osalanen eta NOPLOIko teknikariei isunak jartzeko gaitasuna ematea; ikuskatzaile kopurua biderkatzea; hauek enpresak kontrola ditzatela, lan hori delegatuen gain utzi gabe; OSALAN eta NOPLOI fiskaltzarekin koordina daitezela kausa penalak dinamizatzeko; eta azkenik, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak laneko gaixotasun oro katalogatu dezala, bereziki sektore feminizatuetan eragin horren handia duten gaixotasun psikosozialak.