LAB, ESK, STEEILAS, CGT-LKN, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostiralean, uztailaren 21ean, goizeko 11.00etan, Nafarroako Garraio Zuzendaritzaren aurrean, asteartean hildako Faltzesko garraiolaria gogoratu, omendu eta, aldi berean, horrelako ezbeharrak gehienetan garraiolarien lan baldintza kaskarren ondorio direla salatzeko.
Garraiolarien adinak eta nekeak hil egiten dute. Murillo en Cuenden astearte arratsaldean hil zen garraiolariak 56 urte zituen. Gero eta zaharragoa da sektorea, oro har, ez dago erreleborik, gazterik ez da hasten garraioan lan baldintzak ez direlako onak eta hori oso arriskutsua da, bai garraiolarientzat beraientzat eta baita errepidean gabiltzan beste guztiontzat ere. Adin batetik aurrera istripuak edo bihotzeko arazoak izateko aukerak ugaritu egiten dira eta. Horregatik eskatzen du Hiruk garraiolariek izan dezatela 60 urterekin erretiratzeko modua, beste lanbide “arriskutsu” batzuek daukatzen bezala, esaterako bonberoek edo poliziek.
Errepidean hildako garraiolarien batez bestekoa latza da. 2023an Euskal Herrian hil den zazpigarren garraiolaria da aste honetakoa; Garraiolari bat hiltzen da hilero euskal errepideetan.
Garraiolarien lan istripuen inguruan gauza asko dira aipagarri. Astearteko istripuan kamioia bere bidetik atera, beste aldera pasa eta errepide bazterrean irauli zen. Barruan hilda zegoen garraiolaria. Nekeak edo osasun arazoren batek eragin zuen seguraski istripua. Asko dira bihotzeko arazoak garraiolarien artean. Gaitz kardiobaskularren kopuru altu hori aintzat eduki beharko luke Administrazioak lan osasun eta prebentzio beharrak finkatzerakoan.
Eta administrazioak ez dezala Murilloko ezbeharra trafiko istripu gisa hartu. Lan istripua izan da argi eta garbi. Garraiolaria lanean ari zen errepidean bazterrean kamioia irauli zitzaionean. Behin eta berriro adierazi dugu lan istripuak direla, ez daitezela lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatu, heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta.
Sarri lan baldintza kaskarren ondorio dira istripuak, bezeroek eragindako presa eta presioek, nekeak, ordutegi estuek, estresak, lanaldi luzeek, soldata juxtuek, azken finean atseden hartzeko eta lasai gidatzeko zailtasunek eragiten dituzte istripu hauek; horiek guztiek arriskuan jartzen dute garraiolarien segurtasuna. Baldintza duinak eskatzen ditu garraiolariak, bere bizitza bera ere arriskuan dago. Sarriegi ikusi eta salatzen dugu hori.
Administrazio guztien ardura da. Baina sektorean diren hainbat jokabide makur saihesteko eta kontrolatzeko neurriak hartu beharrean, beste aldera begiratzen dute, garraio merkea bultzatzen baitute. Lan ikuskaritza indartu beharko lukete, baldintza kaxkarrak saihestu eta arauak betetzen ez dituztenak zigortzeko.