Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraio duinaren aldeko protesta Jaurlaritzaren aurrean, Lakuan

Hiru sindikatuko hogei bat garraiolarik parte hartu dute larunbat goizean Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean, garraioaren duintasuna eta Administrazioaren babesa eskatzeko.

Euskal Herriko garraiolari autonomoen Hiru sindikatuak ez du bat egin, CNTCk abenduaren 20, 21 eta 22an gelditzeko egindako deialdiarekin, kontutan izanda komitearen barruan daudela, garraioaren azken urteotako egoera txar eta baldintza kaxkarren erantzule diren flotista handiak; eta, baita, beren interesak sektore osoaren beharren aurretik jarri dituzten beste eragile batzuk ere. Azken urteotan, ohikoa da CNTCk lanuztea deitzea Gobernuarekin negoziazioa hasterakoan presioa eragiteko, eta ondoren, bertan behera uztea ere.

   Dena den, Hiruko garraiolariak euren beharrak aldarrikatzen ari dira; gaur Lakuan Euskal Gobernuaren aurrean elkartu dira, argi dago eta garraioa egoera jasanezinean dela gaur egun, Administrazioak ez duelako erantzunik ematen sektorearen arazoen aurrean, eta bezeroek, euren aldetik, ez dutelako begirunerik egungo egoera ekonomiko larriaren eta erregaien prezioen gorakada handiaren aurrean (Ia %25 12 hilabetetan). Horrek larritu egin du berez txarra zen egoera, garraioaren prezioetan ez du eta eraginik izan. Beraz, garraiolariek arrisku handiko lanbidea dute, muturrekoa, ahalegin handikoa baina ordainik gabekoa: aspalditik zailtasun handiak ditu gastuen igoera horiek fakturan txertatzeko ere.

   Horri Administrazioaren utzikeria gehitu behar zaio. Arazoen aurrean beste aldera begiratu du, eta soka gehiago estutu besterik ez dute egin, kamioiei bidesari berriak jarrita edo garraiolariei fiskalitatea aldatuta. 

   Beraz, Hiru sindikatuaren iritziz. Behar beharrezkoak dira zenbait neurri garraiolari autonomoa errepidetik desagertu ez dadin. Garraioak gaurkotasun handia du, jende askoren ahotan da, besteak beste, garraiolarien beharra, gasolioaren igoera edota hornidura-krisia direla eta, beraz une ona izango da garraiolari autonomoen iritzia zabaldu eta euren aldarrikapenak gogorarazteko. Horregatik ari dira gaur bezala protestaldiak egiten.

   Hiru sindikatuaren aspaldiko eskaera dira, lehenik “Garraioa Salbatu” izenburuarekin aurkeztu ziren, eta gero “bertako Garraioa, Gure Garraioa” dokumentuan jaso.

Gure garraio-sarearen defentsa. Euskal Herriko industria, ekonomia eta gizartearen beharrei erantzungo dien garraio sarea defenditzeko neurri eta jokabide integralak behar ditu: Funtsezkoa, beraz, bai Eusko Jaurlaritzaren bai Nafarroako Gobernuaren konpromisoa, garraioaren baldintzak finkatu eta arautzeko. Sektorea benetan estrategikoa eta funtsezkoa baldin bada, zaindu dezatela, eta ez bizkarrik eman. 

Salgaiak errepidez garraiatzeko faktura propioa. Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak, beren eskumenetan oinarrituta, gastuen gorabeherak fakturan jasoko dituen klausula bat ezarri beharko lukete, zamaketariek eta garraiolariek nahitaez bete beharrekoa, hau da, gasolioaren prezioaren aldaketaren arabera garraioaren prezioa eguneratzeko derrigortasuna. 

Ordainketen atzerapen, azpikontratazio eta dumpingari erantzuteko neurriak: Berankortasunari, azpikontratazioari eta dumpingari aurre egiteko arau eraginkorrak behar dira. Ordainketa epeen klausulak kendu garraio kontratuetatik; garraio bakoitzeko azpikontratazio bakarraren muga jarri eta garraioan kostuaren azpitik lan egitea debekatu. 

Bidesariak, zergen bidez. Errepideak azpiegitura publikoak direnez, zergen bidez ordaindu behar dira. Errepideak konpontzeko garraiolariari kanon bat ordainaraztea bidegabea eta baztertzailea da. Merkantzia bera da erabiltzailea, eroslearengana iritsi behar duena; garraiolaria, aldiz, gizartearen eta garraiolarien beharrei erantzuteko errepidean lanean ari dena. 

Garraio arloko kooperatiba faltsuen eta buzoi-enprese aurkako plangintza koordinatua. Administrazio guztiek batera eta hobeto koordinatuta erantzun beharko lukete Euskal Herrian diharduten kooperatiba faltsuen aurka.. Beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Lan Ikuskaritzen esku-hartzea, kooperatiba faltsu horiek egiten ari diren lan eta gizarte iruzurrari aurre egiteko.

Garraiolaria erretiratzeko adina 60 urtetan finkatzea, eta 58 urtetik gorako garraiolari autonomoek zein lanbide-gaixotasun larriak dituztenek jarduera uzteko laguntzak handitzea. 

Lanbidean hasteko formakuntza. Gure ustez, hezkuntza arautua da lanbidean sartzeko eta garraiolari profesionalak prestatzeko modurik onena.

Hiruren iritziz, eskaera horiek ezinbestekoak dira garraiolari autonomoa desagertu ez dadin.