Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraio enpresa handiak lagundu eta garraiolari autonomoa baztertu dute kamioientzako Renove planean

Azaroaren 15era arte zabalik da kamioientzako Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen Renove planaren eskaerak aurkezteko epea. Bide telematikoz egin beharko da garraioan dabiltzan kamioiak modernizatzeko eta aldatzeko laguntzen eskaera, guztira zazpi milioi eurotik gora gehienak garraio-flota handiek eramango dituzte. Kamioi berriak erosi eta zaharrak txatar bihurtuko dira. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak aurkeztu zuen plana, ASETRABI eta GUITRANS garraiolarien elkarteetako, ARASUR plataformako eta Mugikortasuneko klusterreko ordezkariekin bildu ondoren. Hain zuzen ere, kamioientzako Renove plan honen laguntza astronomiko horren zatirik handiena flota handiek eskuratuko dute, eurak izango dira onuradun nagusiak eta eurentzat propio zuzenduta dagoela dirudi. 

Lehenik eta behin, nabarmendu behar da Arantza Tapia sailburuak ez dituela garraiolari autonomoak aintzat hartzen, beste behin ere beren interesak sektorearen interesen gainetik defendatzen dituzten garraio enpresa handietako ordezkariekin bildu da. Eta hain juxtu horiek dira garraio sektoreko hainbat jokabide makur bultzatzen dituztenak. Horiek dira tarifak gasolioaren prezioaren gorabeheren arabera berritzeko oztopoak jartzen dituztenak, prezioak igotzera ukatzen direnak, zamalanak garraiolariari eginarazten dietenak debekatuta dagoen arren, edota sektoreko baldintza kaxkarretaz baliatzen direnak. Egia esan, laguntza ondo etorriko zaio egun hauetan kamioia aldatzeko asmoa duen garraiolari autonomoari, baina batez ere enpresa handiei egingo die mesede, 10 ibilgailu berri erosteko laguntza handiak jasoko baitituzte,. Kamioi handien kasuan, ibilgailu bakoitzeko 34.000 eurokoak. 

Beste behin ere, Administrazioak ez du egiturazko neurririk hartzen sektorearen zailtasunei eta baldintza kaxkarrei aurre egiteko, laguntza puntualak onartzen dira, adabakiak, batez ere enpresa handiei mesede egingo dietenak, horiek baitira, hain zuzen ere, sailburuarekin biltzen direnak. Gainera, Hiru sindikatuaren iritziz, sektorearen egoera larri eta jasangaitzaren erantzuleetako batzuk dira. Bien bitartean, sektoreak zahartzen jarraitzen du, garraiolari autonomoak desagertzeko arriskuan daude, ez dute erreleborik eta ondo hausnartu eta aztertu ondoren, kontu handiz erabakiko dute ibilgailu berria erostea. 

Autonomoak ez du gauetik goizera hartzen horren garrantzi handia duen erabakia. Garraioa arrisku handiko ogibide bihurtu da, ez bakarrik garraiolariak errepidean lan egiten duelako, baita inbertsio handia eskatzen duelako, bezeroak zein tarifa egoki duinak behar dituelako, jakinik, horiek zaildu egiten direla krisi garai hauetan. Horregatik, azkenaldian, bigarren eskuko ibilgailuen merkatuak gora egin du. Kontuan izan behar da, halaber, kamioi berriak jasotzeko epeak zenbait hilabetez luzatzen ari direla. Horregatik guztiagatik, autonomoarentzat azaroaren 15era arteko epea laburra izango da:  enpresa handiek aldiro ibilgailu-flotak berritzen dituztenez 7 milioiko aurrekontua laster agortuko dela aurreikusten da. Kamioi berria jaso arte, zaharra erabiltzen segitzeko aukera emango dutela espero dute garraiolariek; izan ere, berriak jasotzeko itxaronaldia gero eta luzeagoa da, markaren arabera entregatzeko epeak aldatu egiten dira, baina kasu batzuetan urte betetik gorakoak dira. 

Agintari politikoek, esku batekin horrelako plangintzak onartzen dituzte, eta beste eskuarekin kamioiei bidesariak ezarri. Bizkaiko Foru Aldundiak bidesaria ordaintzeko beherapenak iragarri ditu, energia eraginkortasun maila betetzen duten ibilgailu berrientzat. Ibilgailuz aldatzeko zailtasunak dituen garraiolari autonomoaren gastuak, aldiz, gora egingo dute, erregaiaren prezioarengatik eta Euskal Herriko errepide gehienetan jarriko diren bidesariengatik. 

2019ko urtarrilaren 1a baino lehen matrikulatutako ibilgailuak ordezkatu ahal izango dira. Ez dirudi oso egokia ez planetarentzat jasangarria, lau urteko erabilera baino ez duten ibilgailuak txatarrara eramatea. Ez dute errespetu handirik planetarekin. Berriz ere ikusten da administrazioaren laguntzak handiei zuzentzen zaizkiela ad hoc: urtetik urtera ibilgailuetako batzuk aldatzen dituzten enpresa handien beharrei erantzuten die, gero eta epe luzeagoan ondo pentsatu ondoren kamioia aldatzen duen autonomoari baino gehiago. Planaren arabera, erabilgarri dauden funtsak behar bezala banatzeko, enpresek, aurten, gehienez ere hamar ibilgailurentzako laguntza jasoko dute. Autonomoek, ordea, kamioi bakarrarentzako laguntza baino ezin dute eskuratu. Enpresak 10entzat.
3,5 eta 5 tona arteko gehieneko masa duen ibilgailu bat ordezkatzen dutenek 14.000 euro arteko laguntzak jasoko dituzte, eta 16 tona baino gehiagokoek, berriz, 34.000 euro artekoak.