Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraioa bultzatzeko zenbait neurri hartu ditu Madrileko Gobernuak

Madrilgo Gobernuak 3/2022 Errege Lege Dekretua onartu zuen astearteko ministroen kontseiluan, garraioaren sektoreko zenbait jarduera makur arautzeko eta zuzentzeko helburuarekin. Asteazkenean, 2022ko martxoaren 3an, argitaratutako araudi berriak abenduan Gobernuak eta garraiolari handien ordezkariek adostutakoa bildu du eta garraiolarien hainbat eskaerei erantzun nahi die. 

Ondorengo hilabeteetan ikusiko da garraiolari autonomoen bezeroek arauan jasotakoa betetzen duten eta esaterako fakturak gasolioaren prezioaren arabera berrikusi edota beste behin ere, aginduak ezerezean gelditzen diren. Idatzita daude ere, besteak beste, zamalanak garraiolariei debekatzea eta ordubetetik gorako itxaronaldien kalte ordaina. 

Pedro Sanchezen Gobernuak bete egin du behintzat abenduan garraio sektorearekin iragarritako akordioak betearazteko eta paperera pasatzeko errege-dekretu bat argitaratzeko promesa. Ikusiko da benetan eragina duten sektorean. 

Adibidez, dekretu berriaren 13. xedapenaren arabera, 7,5 tonatik gorako kamioiekin ari diren garraiolariek edo gidariek ezin izango dute salgaien zamalanetan parte hartu, salbuespen kasu batzuetan izan ezik, hala nola etxe-aldaketen eta altzarien garraioa, zisterna-ibilgailuen garraioa, baskulatzaileena edo zamalanetan ari direnena, garabiak eta animali biziak. 

22. artikuluak, bestalde, itxaronaldien murrizketa arautzen du, eta kalte-ordain batzuk ezartzen ditu ibilgailuak enpresan betetzeko edo usteko ordubete baino gehiago itxaron behar duenerako. 

Kargatzaileek eta garraiolarien bezeroek betetzen eta errespetatzen badute, beste puntu interesgarria izango da garraioaren prezioa gasolioaren prezioen arabera berrikustea ere. Kontratua egin zenetik, erregaiaren prezioa % 5 edo gehiago aldatzen bada, hasieran hitzartutako prezioa handitu edo murriztu ahal izango da. Aldaketa Administrazioak salgaien errepideko garraioa kontratatzeko baldintza orokorretan une bakoitzean ezarrita dituen irizpideen edo formulen araberakoa izango da. Kontratu iraunkorren kasuan hiru hilean behin berrikusiko dira. 

Horrez gain, lege-dekretuak hainbat neurri hartzen ditu hemen lan egiten duten kanpoko garraiolarien lehia desleiala eta postontzi-enpresen jokabide makurra saihesteko. Nahitaezkoa izango da aldez aurretik bidaiaren berri ematea, inprimaki batean honako hauek zehaztuta: garraio-enpresaren nortasuna; bitartekariaren datuak; gidariaren nortasuna, helbidea eta gidabaimenaren zenbakia; gidariaren lan-kontratuaren hasiera-data eta kontratu horri aplikatu beharreko legeria; joan-etorriaren hasiera-amaiera datak; ibilgailuen matrikulak; eta emandako garraio-zerbitzuaren mota: salgaiak, bidaiariak, nazioartekoa edo kabotajea. Gidariak formulario horren kopia bat, AKZ (CMR) eta takografoak erregistratutako datuak eraman beharko ditu.

Laburbilduz, 03/2022 Lege Dekretuak salgaiak errepidez garraiatzen dituzten pertsonek bete beharreko hainbat neurri berri jaso ditu: gidariak ezin izango du zamalanetan parte hartu. Zamalanak ordubete baino gehiago irauten badu, kalte-ordaina eman beharko zaio garraiolariari. Gasolioaren prezioaren aldaketaren arabera aldatuko da garraioaren prezioa ere. Euren herrialdetik kanpo dabiltzanek jakinarazi egin beharko duten non, noiz eta zertan dabiltzan. Jardunbide Egokien Kode eta erregistroa sortuko dira enpresentzat, eta, azkenik, zamalan eremuak finkatzeko estandarra sortuko da.