Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituretako Batzordean parte hartu zuen Hiruk, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak, ostegun goizean, azaroaren 25ean. Gipuzkoan garraio arloan ari direnek dauzkaten arazo eta zailtasunak azaldu zituzten, oro har, sindikatuko ordezkariek, eta, bide batez, kamioiei bidesariak jartzearen aurkako jarreraren arrazoiak jakinarazi zizkieten batzarkideei. Gipuzkoan ordezkaritza duten alderdietako kideen zenbait planteamendu eta galderei ere erantzun zieten gero, garraioari buruzko hainbat konturen inguruan aritu ziren, besteak beste, administrazio bakoitzaren arduraz, errepideen digitalizazioaz, ordainketetan egoten den atzerapenaz, garraiolari berrien trebakuntzaz, garraioaren prezio eta fakturaz edota lehia desleiala egiten duten enpresen trikimailuez.
Errepideko garraioa dagoen egoera larrira eraman gaituzten arrazoiak jakinarazi zizkieten hiruko ordezkariek batzarkideei, nola egin den atzera bai garraioan ari direnenen kopuruan eta baita euren baldintzei dagokienez ere, Hiruko kideen iritziz,·”merkatuak garraio merkea” nahi duelako. Eragin handia du horrek garraiolariengan, garrantzia prezioari emateak, ez kalitateari edo garraioaren beste ezaugarriei. “2008ko krisiaren aurretik ordaintzen zena edo gutxiago ordaintzen da egun; logistika plataforma berriak sortu dira, gero eta handiagoak, gastuak gutxitzeko formula ezberdinak erabiltzen dituztenak, (kooperatiba faltsu, buzoi enpresa,…) Horiei esker salneurriak merkatzea lortzen dute, baina garraiolarien baldintzak asko kaxkartzea ere bai. Garraiolari autonomo txikiek zailtasunak dituzte bezeroei gastuen arabera tarifak igotzeko edo berritzeko, esaterako gasolioaren igoerak edota bidesarien kostuak fakturan txertatzeko. Bezeroek garraioan den lehiakortasun handia baliatzen dute, gehiago ez ordaintzeko”. Beraz, gastu horiek garraiolariaren irabazi jaten ari dira eta denboraren poderioz hainbat garraiolarik utzi egin du, 2013-2019 tartean %8,4 gutxitu zen garraioan aritzen direnen kopurua. “Zahartu egin da sektorea eta ez dago garraiolari gazterik. Ez da lanbide erakargarria, ez da soldata onik, kostuak ugaritu egin dira, eta lehen baino gutxiago irabazten da. Ahalegina handia da, betikoa, eta arriskuak ere handiak dira, bai lanbideari dagokionez, bai inbertsioari dagokionez”.
Hiruko ordezkariek garraioa babestu beharra aldarrikatu zuten. Administraziok bultzatu dezala Euskal Herriko garraio sarea eta ez bizkarreratu gastu gehiago, bidesariak esaterako; kontrolatu eta zigortu ditzala zenbait jokabide: kooperatiba faltsuak, azpikontratazioak edota ordainketen atzerapena; Horrekin batera, beharrezko ikusten du garraiolariak gastuen gorabeherak jasoko dituen faktura, garraiolari eta bezeroek derrigorrez erabili eta beteko dutena. “Ez legoke gaizki, gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatzea ere, egun garraioan diren lan baldintza kaxkarrak betiko saihesteko”.
Argi geratu zen agerraldian lanbide gogorra dela, komenigarria dela jubilatzeko laguntzak handitzea, garraiolariek 60 urterekin erretiratzeko aukera izan dezaten; eta erreleboa ziurtatzeko, goi mailako Lanbide Heziketa zikloa antolatzea garraiolari profesional berriak prestatzeko.
Kamioiei jartzen zaizkien bidesariei buruz ere jardun ziren; Hiruko kideek aurkako jarrera arrazoitu zuten, zera adieraziz, errepideko garraioa zerbitzu publikoa dela, ekonomiarentzat funtsezkoa, gizarteak eta enpresek behar dituzten produktu eta materialak eramaten dituztela errepidetan, hauek ere ondasun publikoak direla, denonak eta denok erabiltzen ditugunak eta beraz diru publikoarekin mantendu behar direnak. Ez, garraiolariei jarritako bidesarien bidez bildutakoarekin. Azkenik, Bidegi eta Foru aldundiaren jokaera makurra ere salatu zuten Hiruko ordezkariek, 2018tik garraiolariei bidegabeki kobratutako bidesariak ez dituztelako automatikoki itzuliko eta garraiolariek epaitegira jo beharko dutelako.