Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Elkarretaratzea Lanbarrenen Orozkoko BP gasolindegian hildako garraiolariarengatik

ELA, LAB, ESK, STEILAS eta ENHE sindikatuetako hogei bat ordezkari eta kidek elkarretaratzea egin dute Hiru sindikatuko ordezkariekin batera Oiartzungo Lanbarren industrialdeko biribilgunean, joan den astean Orozkoko (Bizkaia) BP gasolindegian izandako istripu batean hildako gidariak lan egiten zuen Gexa enpresa industrialdean bertan baitago. Lan-istripuak eta lan baldintza kaxkarrak salatzen dituen “lan istripurik ez, prekarietatea hiltzailea” leloa zuen pankartarekin ordu erdi egon dira aipatutako poligonoaren sarreran.

Sei sindikatuen izenean Hiruko Jon Altunak ozen salatu ditu enpleguaren kalitate txarraren eta lan-prekaritatearen ondorio diren lan-istripu horiek. “Ez dira salbuespena garraioaren sektorean. Izan ere, garraiolari profesionalen lan-baldintzak gero eta eskasagoak dira. Sektorearekiko Administrazioaren azken urteotako utzikeriak istripu-arriskua areagotu du, hainbat egoerak zailtzen du garraio duin eta segurua, besteak beste, enpresen presak eta presioak, ordutegi estuak, gehiegizko pisua duten kargak, lanaren prezio baxuak, lanaldi luzeak edo atsedena hartzeko oztopoak. Administrazioek jokabide horiek saihesteko neurriak hartu beharrean, beste alde batera begiratzen du garraio merkea interesatzen zaiolako. Jarrera horrek eragiten ditu istripuak, eta ondorioz errepidean osasuna eta bizitza galtzen du garraiolariak.” 

Oiartzungo (Gipuzkoa) Gexa SCL enpresan lan egiten zuen 47 urteko garraiolari bat hil zen aurreko astean Orozkoko (Bizkaia) BP gasolindegian izandako istripuaren ondorioz. Ekainaren 9an, asteazkenean, izan zuen istripua zerbitzu gunean aparkatuta zegoen kamioiaren gondolan, langileak zeraman zama gainera erori zitzaionean eta hurrengo egunean hil zen. Lankide batek aurkitu zuen “atzeko palan” asto baten gainean jarritako beira handi batek harrapatuta. Kamioiak zama estutzen duen sistema hidrauliko bat du, garraiatzerakoan mugitu ez dadin. Aurten, 26 lagun hil dira lan istripuetan Euskal Herrian.