Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolariak haserre, kamioiek berriro bidesaria ordainduko dutelako, N1 eta A15ean, urtarrilaren 23tik aurrera

Gipuzkoako Foru Aldundiak bidesaria jarri die berriro kamioiei N1 eta A15 errepideetan datorren astelehenetik, urtarrilaren 23tik, aurrera, hilaren 17an Aldundiaren Gobernu Kontseiluak adostu eta iragarritakoaren arabera. Bide horietatik igarotzen diren garraiolariek 0,28 zentimo ordainduko dituzte kilometro bakoitzeko.

Kamioiei jarri zaizkien bidesarien inguruko Gipuzkoako Foru Aldundiaren kudeaketa zentzugabea izan da hasiera hasieratik. Jokabide eta jarrera desegokiak eta erabaki okerrak hartu ditu bata bestearen atzetik. 

2018ko urtarrilean abiapuntua, jada, huts eta hanka-sartze handi bat izan zen. Kamioiei bidesaria kobratzeko arau forala baliogabetu eta atzera bota zuten epaitegiek. Kudeaketa txarraren adibide, alperrik hainbat milioitako diru publiko inbertsioa, arku pertsonal eta abarretan… Diru premia zuten eta agerian gelditu ziren. 

Ondoren etorri ziren bata bestearen atzetik lehen hutsegitea tapatzeko hainbat erabaki. Bigarren arau foral bat onartu zuten, auzitegien erabaki saihestu eta bidesaria martxan mantentzeko: Euskal Herriko auzitegi gorenak baliogabetu zuen araua, Auzitegi Gorenak baliogabetzen zuenerako bigarren arau foral hori abian jarri eta garraiolariei bidesaria kobratzen jarraitzeko. 

Bigarren hori ere baliogabetu egin zuten baina hiru urte pasa ziren azken epaia atera bitartean, eta Aldundiak kobratzen jarraitu zuen hiru urte horietan, baita Madrileko Auzitegi Gorenak epai atera ondoren, beste ia urte erdian ere, epaia ez zuelako Gipuzkoako Agiri Ofizialean argitaratu. Trikimailu guztiak erabili zituen Aldundiak bidegabeki bazen ere bidesaria kobratzen jarraitzeko. Eta garraiolariei desegoki kobratutako diru hori itzultzeko eskatu dutenean berriro trikimailuak erabili ditu itzultze hori saihestu edo atzeratzeko. Oztopoak eta trabak besterik ez ditu jarri, 2021eko urrian bidesaria eten zuenetik. 

Arkuetatik pasa ziren garraiolariei automatikoki kobratu zitzaien bidesaria. Datu guztiak ditu Aldundiak itzultzeko. Baina argi esan zuen hasieratik epaitegietara jo beharko zutela garraiolariek dirua berreskuratu nahi bazuten. Eta hori gertatu da. 

Aldundian milatik gora garraiolarik egindako eskaerak atzera bota ditu. Paso guztiak zerrenda batean jarri, batuketa egin eta eskaerak aurkeztu behar izan zituen garraiolari bakoitzak. Informazio guztia eduki arren, Aldundiak lan hori eman zien garraiolariei. Askok ez zuten denborarik hartu bilduma egiteko. Ia 40 milioi jaso zituen Aldundiak 2018ko urtarriletik 2021eko urrira eta horietatik 12 besterik ez dituzte eskatu Aldundiak mila garraiolari horiek. Denak atzera bota ditu Aldundiak, eta epaitegira jo beste erremediorik ez dute dirua berreskuratu nahi dutenek. 

Horrek abokatu eta prokuradorea kontratatu beharra, eta galduz gero, epaitegiko kosteak ordaintzeko arriskua dakartza, eta askok atzera egin dute. Aldundiak bere helburua lortu du, oztopoak jarri eta dirua bildu. 

Bide judiziala ez da inorentzat mesedegarri. Aurretik hartu behar dira erabaki egokiak. Dirutza xahutu zuen Aldundiak alperrik egindako inbertsioetan, kontratatu zituen langileetan, epaitegietan… eta dirutza gastatzen jarraitzen du: N1 eta A15 errepideen sarrera eta irteera guztietan jarri ditu matrikulak irakurtzeko aparatuak. Beste 25 milioi euro gastatu dituzte berriro berdinerako, garraiolariei bidesaria kobratzeko. 

Orain N1 eta A15 errepide osora zabaldu dute. Aintzane Oiarbide diputatuak sarri esaten du errepidea erabiltzen, hondatzen eta kutsatzen duenak ordaindu behar duela. Garraiolariei begiratzen die, baina erabiltzaileak eta, beraz, kutsatzaileak gizartea eta industriak dira, horiek eskatutako produktuak garraiatzen baititu garraiolariak. Zentzugabekeriak jarraitzen du, eta berriro garraiolariak dira kaltetuak. Azken finean kontsumitzaileak ordaindu beharko du bidesaria, garraiolariak bezeroei pasa beharko baitie, zailtasun handiz, gastu berria. Baina bitartean zailtasunak garraiolarientzat. Eta gastu hori bezeroari pasatzeko gaitasunik ez duenak, utzi egin beharko du. Estu dago sektorea eta estutzen jarraitzen du Aldundiak. 

Eta jakin bezate erabiltzaileek, bidesaria automatikoki pasatzen diren guztiei kobratzeko aparatuak jarrita daudela N1 eta A15 errepideen ibilbide osoan, eta garraiolariekin funtzionatzen ez badu, esaterako epaitegiek berriro baliogabetzen badituzte erabiltzaile guztientzat jarriko dutela. Diru premia handia du Aldundiak, ez bakarrik errepideen konponketak ordaintzeko, egin duen inbertsio handia eta kudeaketa txarrarengatik xahutu duen dirutzari aurre egiteko.