Hiru, LAB, ESK, STEEILAS, CGT eta EHNE sindikatuetako ordezkariak, asteartean, goizeko 11.00etan Iruñean elkartu gara, San Ignacio kalean, Nafarroako Foru Gobernuaren egoitzaren aurrean, aurreko ostiralean Nafarroan, Santacaran lan-istripuz hil den garraiolaria gogoratu eta omentzearekin batera, lan baldintza kaxkarrek ondorio latzak dituztela eta heriotzak eragiten dituztela salatzeko.
Jakina denez, Kaparrosoko 59 urteko garraiolaria hil zen ostiralean goizaldean bere ibilgailua iraulita. Aipagarria da gidariaren adina eta istripua gertatu zen ordua. Goizaldeko 2.00etan lanean ari bazen, segur aski, kontratatu zuen bezeroaren presaren eta garraiolariari eragindako presioaren ondorio izango zen.
Hiru sindikatuak behin eta berriro salatu du beste sindikatuekin batera, garraiolarien lan-baldintza txarrek ondorio lazgarriak dituztela. Eta berriro agerian da hori. Enpresek eragindako presak zein presioek, eta sektoreko lan-baldintza kaxkarrek ondorio latzak dituzte. Askotan heriotzak ere eragiten dituzte aurreko astean ikusi zenez. Bien bitartean, Administrazioak beste aldera begiratzen du, eta ez ditu arazoari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzen. Iaz hamaika garraiolari hil ziren lan-istripuz, ia bat hilero.
Ordutegi estuek, estresak, gehiegizko pisua duten kargak, sektoreko prezio baxuak, lanaldi luzeak, ez dagozkien zamalanak eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek arriskuan jartzen dute garraiolarien duintasuna eta segurtasuna, baita haien bizitza bera ere, kasurik okerrenetan. Azken finean, prekaritatea, lan baldintza gogorrak, daude heriotza horien atzean. Lotura zuzena dago lan istripuen eta sektoreak oro har bizi duen egoera txarrarekin.
Bien bitartean, kasu horietako askotan, Administrazioak ezkutatu egiten ditu lan-istripu horiek, eta ez ditu estatistika ofizialetan kontuan hartzen, trafiko-istripu edo heriotza natural gisa baizik.
Adina ere kontutan hartzekoa da. Garraiolariek ez daukate aurrez erretiratzerik. Garraiolarion ustez arrisku handiko lanbidea da, ordu asko pasatzen dute gidatzen, batzuetan kamioian bertan hartzen dute atseden edota, sarri, gauez lan egin.
Nekea ere eragiten die lanak, baita lo egiteko zailtasunak, bihotzeko eta arnasteko edota hezurretako eta giharretako arazoak, zein estresa, besteak beste. Horregatik guztiarengatik eskatzen dute garraiolariek 60 urterekin erretiratzeko aukera. Hortik gorako garraiolaria, atzean hainbat tonako zama daramala, arrisku handia izan daiteke garraiolariarentzat berarentzat eta errepideen erabiltzaile ororentzat.