Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolarien lan istripuen eta lan baldintza gogorren aurkako protesta Gasteizen

Hiru, LAB, ESK, STEEILAS eta EHNE sindikatuetako ordezkariak, ostiralean, goizeko 11.00etan Gasteizen elkartu gara, Korreos ondoan, SEA, Arabako Enpresarien Elkartearen parean, aste honetan Araban lan-istripuz hil diren bi garraiolariak gogoratu eta omentzearekin batera, lan baldintza kaxkarrek ondorio latzak dituztela eta heriotzak eragiten dituztela salatzeko.  

Jakina denez, bi garraiolari hil dira astelehen eta asteartean Arabako errepideetan euren kamioiekin izandako lan istripuetan. Astelehenean, 39 urteko garraiolaria goizeko 7:00ak aldera Ap68 autobidean, Zanbrana parean; ibilgailua irauli eta errepide bazterrean geratu zen etzanda. Asteartean, goizaldeko ordubiak aldera, bestea Ap1ean Errinerabeitia parean; Eibar aldera zihoan ibilgailua errepidetik atera eta amildegian behera erori zen.

Latza da 24 ordutan errepidean bi garraiolari hil direla aipatu beharra. Biak goizaldera eta goizeko lehen orduan, 2.00etan eta 7.00etan, segur aski une horretan atsedenean ez bazeuden, kontratatu zituen bezeroak eragindako presaren ondorio izango den. Hiru sindikatuak behin eta berriro salatu du beste sindikatuekin batera, garraiolarien lan-baldintza txarrek ondorio lazgarriak dituztela. Eta berriro agerian da hori. Enpresek eragindako presak zein presioek, eta sektoreko lan-baldintza kaxkarrek ondorio latzak dituzte. Askotan heriotzak ere eragiten dituzte aste honetan ikusi denez. Bien bitartean, Administrazioak beste aldera begiratzen du, eta ez ditu arazoari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzen. Iaz hamaika garraiolari hil ziren lan-istripuz, ia bat hilero.

Ordutegi estuek, estresak, gehiegizko pisua duten kargak, sektoreko prezio baxuak, lanaldi luzeak, ez dagozkien zamalanak eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek arriskuan jartzen dute garraiolarien duintasuna eta segurtasuna, baita haien bizitza bera ere, kasurik okerrenetan. Azken finean, prekaritatea, lan baldintza gogorrak, daude heriotza horien atzean. Lotura zuzena dago lan istripuen eta sektoreak oro har bizi duen egoera txarrarekin.

Bien bitartean, kasu horietako askotan, Administrazioak ezkutatu egiten ditu lan-istripu horiek, eta ez ditu estatistika ofizialetan kontuan hartzen, trafiko-istripu edo heriotza natural gisa baizik.