Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Gipuzkoako Aldundiak bertan behera utzi behar du kamioiei jarri zitzaien bidesaria

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunei eskatu die N1 eta A15 errepidetan kamioien bidesaria bertan behera uzteko; izan ere, oso larria da azken hilabeteotan kobratzen jarraitzen dutela, hori baimentzen duen foru-araurik indarrean izan gabe. Gipuzkoako Batzar Nagusiek irailean jaso zuten Madrilgo Auzitegi Gorenaren probidentzia berriro ere Foru Aldundiaren enegarren helegitea atzera bota dutela jakinaraziz. Azkena ez du ezta tramitatu ere egin eta beraz, jada, Aldundiak ez du aitzakiarik kamioiei bidesaria kobratzeari uzteko. Halaber, 2018ko urtarrilean sistema abian jarri zenetik garraiolariei bidegabeki kobratutakoa itzultzeko eskatu du Hiruk; eta itzulketa automatikoa izan dadila ere bai. Aldundiak automatikoki kobratzen jarraitzen du, datu guztiak ditu eta ofizioz itzuli beharko luke.

Halaber, Hiruk ez du ulertzen Aintzane Oiarbide azpiegituren diputatuak garraiolariei errua botatzea, eta bidesaria lurraldeko N1 eta A15 errepideen zati guztietara zabaltzeak dakartzan gastuak leporatzea. Aldundiak erabaki zuen kamioientzako bidesari sistema ezartzea; Aldundiak onartu zituen hori arautzen duen foru arauak, gero Auzitegiek baliogabetu zituztenak, eta orain ezin diote hirugarren bati egotzi prozesuan egindako akatsen erantzukizuna. Hiruri arduragabekeria iruditzen zaio, kamioiei, estrategikotzat jotzen duten sektore bati, bidesaria jartzea, baina hori erabaki badute, ondo egin ez dezatela. Akatsak egin dituzte, arauak baliogabetu dizkiete auzitegiek baztertzailea delako, eta orain garraiolariei egotzi nahi diete euren zentzugabekeriaren errua.

Halaber, Bidegi eta Diputazioko arduradunen jarrera eta kudeaketa txarra kritikatu ditu Hiruk. Azken finean, Gipuzkoako herritarrek ordaindu beharko dituzte horrek eragin dituen kostu handiak eta 2018ko urtarrilean hasitako bidegabekeriaren ondorioak: arkuetan eta beharrezko azpiegituretan egindako inbertsioak, kontratatutako langileen gastuak, prozesu judizial guztien kostuak, bidegabeki kobratutakoen itzulketak, etab.

Epaiei jaramonik ez egiteaz gain, diru publikoarekin jolasten ari dira eta zerbitzu publiko “funtsezkoa” egiten duten garraiolariak zigortzen. Gizarteak eskatzen dituen produktuak eta enpresek behar dituzten materialak garraiatzen lanean ari direnak babestu beharko lirateke eta ez zigortu.