Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Gipuzkoan hiru garraiolariri bidegabeki kobratutako bidesaria itzultzeko agindu dio Donostiako epaitegiak Aldundiari

Gipuzkoako Foru Aldundiak 13.000 euroko kalte-ordaina emango die bidesaria bidegabeki kobratzeagatik Aldundiaren aurkako salaketa jarri zuten hiru garraiolariri. Jakina da 2018an N1ean eta A15ean kamioiei bidesaria jartzeko eta kobratzeko Aldundiak onartutako arau foralak atzera bota zituztela lehenengo Euskal Herriko Epaitegi Gorenak eta gero Auzitegi Gorenak. Orain, Gipuzkoako Administrazioarekiko Auzietako 3 zenbakiko Epaitegiak arrazoia eman die dirua itzultzeko eskatu zuten hiru garraiolariri. 

Beste garraiolari pila batek ere epaitegietara jo behar izan du Aldundiak ukatu egin baititu orain arte N1 eta A15eko bidesariengatik ordaindu zuten dirua itzultzeko eskatuz bide administratibotik  egindako eskaerak. 2018ko urtarriletik 2021eko urrira bitartean, baliogabetutako arau foralen bidez, bidegabeki, kobratutako zenbatekoak itzultzera behartzen duen lehen epaia da. Lehenengo Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak eta geroago Auzitegi Gorenak baliogabetu zituzten bidesaria jartzeko Aldundiak abian jarritako arau foralak, baztertzaileak zirela erabakita. 

1.122 garraiolarik egin zuen eskaera, guztira 12,2 milioi euro, 2018ko urtarriletik 2021eko urrira Aldundiak guztira jaso zituen ia 40 milioi eurotatik. Argi dago Aldundiak trabak besterik ez dituela jarri eta horri esker bere helburua bete duela, diru bilketa alegia. 

Bide administratiborik jo zuten mila inguru garraiolarietatik asko bidean gelditu dira. Jakina da epaitegira jotzeak gastuak eragiten dituela, batetik abokatu edo prokuradorea kontratatu, eta bestetik galduz gero epaiketa kostuak ordaindu behar izaten dira. Garraiolari askok, jasotzea zegokien kopurua baino arriskua handiagoa zela pentsatu eta ez jarraitzea erabaki dute. Ustez merezi ez zuela eta atzera egin dute. 

Kontuan izan behar da Aldundiak denon diruarekin jokatzen duela eta ez duela ezer galtzen. Hiruren iritziz nahita ari da, oztopoak eta trabak jarri ditu horrek garraiolari askori gogoa kenduko ziola eta etsipena eragingo ziela jakinik. Eta lortu du askok ez dute eta bidesariengatik zegokien dirua erreklamatu.     Hiruk uste duenez, hasieratik jokatu du Aldundiak ardura gutxirekin. Automatikoki itzuli behar zituen automatikoki arkuen sistemaren bidez kobratutako kopuruak. Datu guztiak ditu, baina hasieratik ukatu eta trabak jarri ditu. Dirua biltzeko beharra eta grina oso agerian ikusi dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak beste aldera begiratu zuen kontrako epaiak atera zirenean, eta kobratzen jarraitu zuen epaiak ezagutu eta gero ere.