Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruk egokitzat jotzen ditu Ministerioarekin adostutako neurriak, eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari mota bereko neurriak har ditzatela exijitzen die

Garraio geldialdia bertan behera

 

Salgaien errepideko garraioaren egoera prekarioa zen Covida iritsi aurretik, eta argi dago azken lau hilabeteetan ez dela egoera hori hobetu: garraiolarien lan-baldintzak asko zaildu dira.

Estatuko garraio-elkarte batzuek garraio geldialdia deitu zuten datorren asterako, baina, orain, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarekin akordioa lortu ondoren, bertan behera geratu da.

Hiruk oso egokitzat jotzen ditu hartu diren neurriak; izan ere, sektoreak dituen beharren inguruan sindikatutik egindako diagnosiarekin bat baitatoz.

Garraio lanak 60 egun baino gutxiagoan ordaintzen ez dituztenei berankortasun-lege bat izapidetzea, sektorea uzteko laguntzak mantentzea edo ibilgailu astunentzako bidesariak ez ezartzeko konpromisoek garrantzi handiko kontuak dira, eta horregatik, ezinbestekoa da paperean bakarrik ez geratzea, hitz hutsak ez izatea eta lehenbailehen martxan jartzea, garai benetan zailak bizitzen ari den sektore estrategiko bat salbatzeko era bakarra baita.

Ildo horretatik, Hiruk Nafarroako Gobernua eta etorkizun hurbilean osatuko den Eusko Jaurlaritzari bide beretik jarduteko konpromisoa exijitzen die, azken hilabeteetan eskatu dugun bezala, Euskal Herriko garraiolarien etorkizuna bermatzeko neurriak hartuz, besteak beste:

1. Bertako garraioaren erabilpena bultzatzea. Ezinbestekoa da bertako enpresek bertako garraioa erabiltzea eta baita administrazioetatik ere jarrera hau mantentzea. Euskal garraiolariok hemen ordaintzen ditugu gure zergak, osasuna, hezkuntza eta lehen mailako beste hainbat zerbitzu publiko bideratzeko. Urteetan profesionaltasuna eta gertutasuna erakutsi duten garraiolari autonomoen lana bultzatu behar da. Zuzeneko kontratazioa ahalbidetu behar da, kooperatiba faltsuak, logistika enpresa handiak eta bitartekariak alde batera utzita.

2. Orain arte egindako lanen ordainketa bermatu behar da. Azken hilabeteetan euskal garraiolari autonomoak lanean aritu gara gizartearei zerbitzua ematen. Egindako lan hauek guztiak, eta datozen hilabeteetan egingo ditugunen ordainketa jasoko dugula bermatu behar dute administrazioek, bestela, aspalditik ikututa dagoen sektorea erabat ondoratuko da eta ez da atzera bueltarik egongo. 

3. Lan ikuskaritzak kooperatiba faltsu eta buzoi enpresen atzetik joan behar du. Ogasuna eta gizarte segurantzari iruzurra egiten dietelako eta baita bidegabeko lehia bultzatu ere.