Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruk ez du babestuko, oraingoz, Plataformak deitutako lanuztea

Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak oraingoz ez du babestuko azaroaren 14tik aurrera Plataformak deituta burutuko den garraioaren lanuzte mugagabea; adi egongo da eta, betiere, sindikatuko afiliatuek eskatzen dutena egingo du. Lanuzte deialdi berria konpondu ez den egoera jasanezinaren isla da, administrazioek ez dietelako bere osotasunean heldu martxoan salatutako arazo eta aferei.

Hiru sindikatuak hilabete hauetan egiaztatu du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Foru Gobernuak ez dietela jaramonik egin Euskal Herriko garraiolari autonomoen aldarrikapenei, desagertu ez daitezen ez dute neurririk hartzen alegia. Gertuen dauden administrazioek ez dute garraiolari autonomoa babesten, garraioari bidesariak ezartzen dizkiote, ez dituzte behar bezala kontrolatzen garraioan legez kanpo jarduten dutenen praktikak, eta ez dituzte baliabideak jartzen 60 urterekin jarduera aldez aurretik uzteko Emandako laguntzak ez dira iristen jarduera 65 urte beteta dituztenentzat ere. Ezintasunen bat aitortua dutenek eta eta 65 urtetik gorakoek baino ez dute jaso aurten.

Garraiolariak, batez ere Nafarroakoak, kezkatzen dituen beste gai bat fiskalitatea da; izan ere, batzuek moduluen sistemaren bidez zergak ordaintzeari utzi beharko diote, baimendutako 150.000 euroko fakturazioaren muga gainditzen dutelako, ez errentagarritasuna edo irabaziak handitu dituztelako, baizik eta gastuak igo direnez, erregaiarenak bereziki, tarifak igo behar izan dituztelako eta ondorioz, diru-sarreren muga gaindituko dutelako. Horrekin batera, bidesariak jarriko zaizkie berehala Bizkaiko N240 eta BI625 errepideetan, Gipuzkoako N1 eta A15ean zein N1aren Nafarroako partean. Berriz ere, administrazioek zigortu egingo dituzte garraiolariak; bezeroek ordaindu beharko lukete bidesari hori, baina zailtasun bat gehituko diote garraiolari.

Sindikatuak urteak daramatza aldarrikapen berberak defendatzen, administrazioen hormaren kontra talka egiten. Hona hemen eskaera horiek, laburbilduta: Euskal Herriko garraio-sare propioaren defentsa; lan egiteko baldintza duinak; jokabide irregular eta desegokiak kontrolatzea, hala nola kooperatiba faltsuak, postontzi enpresak, azpikontratazioak edo baimenik gabe garraio arinean aritzen diren legez kanpoko banatzaileak; kamioietarako bidesariak kentzea, 60rekin jarduera uztea eta sektorean hasiko diren gazteen prestakuntza arautua.

Garraiolariek baldintza duinetan lan egitea besterik ez dute nahi, eta posible balitz jarduera 60 urterekin uztea, arriskutsutzat jotzen diren beste sektore batzuetako profesionalek bezala. Baldintza duinek eta lana 60 urterekin uzteak soilik ziurtatuko baitute belaunaldi berriak garraioan hastea. Ezinbestekoa da hori, bide batez, euskal gizarteari eta industriari hurbileko zerbitzu eraginkorra eskaintzen dion garraiolari autonomoa eta autoktonoa desager ez dadin.