Ez da berria Hiruko garraiolari autonomoei Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek eragiten dien ezinegona eta haserrea 2018tik A15 eta N1 errepideetan bidesaria ordaindu behar dute, euren ustez saria baino zigor handia dena, ez dizkie itzuli bidegabeki kobratutako bidesariak eta garraiolariek auzitegietara jo behar izan dute diru hori berreskuratzeko. Orain, berriz ere, haserre agertu dira, beste behin, Aldundiak ez dituelako kontuan izan Loiolan eta Andoainen egingo diren bidelanek eragingo dieten kalteak direla eta. Aldundiak ez die lan horien berri eman garraiolari autonomoei eta komunikabideen bidez jakin dute aipatutako bi zubibide horiek berritzeko egingo diren lanen ondorioz ezingo direla egunez bi toki horietatik ibili. Loiolatik ezin dira pasa otsailaren 22tik, ez egunez ezta ere gauez, eta Andoaindik ezingo dira pasa goizeko 6:00etatik gaueko 22: 00etara bitartean abuztuaren 1etik aurrera. Printzipioz debekua hilabete horretarako da.
Hiruko garraiolariek ez dute onartzen Azpiegitura Saileko ordezkarien jokabidea, ez dietelako beren proiektuen berri ofizialki eman; eta ezin dute ulertu zergatik behartuko dituzten gauez ibiltzera, Gipuzkoako enpresa gehienek 8:00etatik 16:00etara lan egiten dutela kontuan izanik.
Otsailaren 22tik, 15 tona baino gehiagoko kamioi astunek debekatuta dute Donostia Gi20ko saihesbidetik zirkulatzea bi noranzkoetan, Loiola parean, Urumea ibaiaren gaineko zubiak ikuskatzeko lanak direla eta. Erabaki horrek garraiolarien kezka eta ezinegona eragin zuen.
Uztailaren 20an, ostegunean, Foru Aldundiak Loiolako eta Andoaingo bidezubiak berritzeko lanen berri eman zuen. Guztira, sei milioi eurotik gorako aurrekontua erabiliko dute horretan. Oraingoz, abuztuaren 1etik aurrera, garraiolariek ezingo dute Andoaingo zatian egunez zirkulatu, goizeko 6.00etatik gaueko 22.00etara. Garraiolarien iritziz, normalagoa litzateke konponketa-lanak gauez egitea eta garraiolariek egunez, zerbitzatzen dituzten enpresek ere normalean egunez lan egiten dute eta.
Gainera, ez dakite murrizketek zenbat iraungo duen. Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako arduradunak iragarri du sei hilabete iraungo dutela 1972an eraiki zen Loiolako zubia eusteko lanek, eta birgaitze integralari aurrerago ekingo zaiola, “lau urteko epean”.
Kepa Otxoa garraiolariak Aldundiko arduradunek sektoreko profesionalekiko duten mespretxua salatu du sare sozialetan. Adierazi duenez, “zerbait positiboagoa esan nahiko nuke, baina berriro ere Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendaritzari esker, garraiolarienganako, oro har, baina bereziki gipuzkoarrenganako, berriro eraso eta mespretxuaz hitz egin behar dut”. Bere ustez, N1eko obren “aitzakiarekin”, “berriz ere abuztuan gauetan lan egitera behartzen gaituzte. Bidesariak ordainarazten dizkiguzue (Gipuzkoakook zenbat ordaintzen dugun jakin nahi nuke, eta Europan zenbat ordaintzen duten ere bai), gero gauez lan eginarazteko, eta egunez atseden hartu, abuztuan gainera”.
Garraiolariaren ustez, zentzuzkoagoa litzateke kontrakoa. “Zergatik ez diozue buelta ematen eta gauez lan egin?; gaur egungo argi, foku eta multzo elektrogeno indartsuekin ez litzateke zaila izango, baina garraiolariak zigortzea erabaki duzue”.
Halaber, salatu du murrizketak eta dagozkien zigor-isunak tokiko garraiolariei jartzen zaizkiela, ez lurraldea zeharkatzen dutenei. “lotsarik gabe, ez duzue aurreko aldian zer moduz joan zen galdetu ere egin. Egunez nazioarteko garraioan dabiltzan guztiak pasatzen ziren, gauez gipuzkoarrak; zuen grabazioekin egiazta dezakezue hori. Gaur egun GI20 errepidea ezin dugu erabili, ez dakigu noiz arte; hemen ere gauza bera gertatzen da: gu desbideratu egiten gara, baina gainerakoek bertatik zirkulatzen jarraitzen dute”. Haserre dago debekuak eragiten dien oztopo, traba eta eragozpenengatik: “Andoainen, Martutenen edo Garberan ez bada”, desbideratzearen ondorioz gertatzen diren auto ilarei erreferentzia eginez, eta ironiaz amaitzen du: “eskerrik asko Aldundiari. Beti sentitu naiz gipuzkoar izateaz harro; gaur ezin dut gauza bera esan”.