Ikusgarria izan da garraiolari autonomoek goizean Oiartzundik Donostiara egindako kamioi karabana. Ehunka kamioik hartu du parte garraioaren egoera larria salatzeko, sektorean baldintza duinak aldarrikatzeko eta neurri zehatzak eskatzeko. Adegitik eta Batzar Nagusietatik pasa dira, Gipuzkoako enpresarien elkarteari tarifen berrikuspena babestu eta erraztu dezala eskatzeko. Batzar Nagusiei benetan erakutsi dezatela garraioa funtsezko jarduera dela gizartearentzat eta enpresentzat, hots, sektorea babestu dezala, bidesariak ezarriz edo fiskalitatean aldaketak eginez zigortu beharrean.
Batzar Nagusietako atean berriro bere aldarrikapenak egin dituzte Hiruko ordezkariek. Gure esparruan jarduten diren erakundeei bertako garraio-sarea babestu dezatela. “Euskal Herriko industria, ekonomia eta gizartearen beharrei erantzungo dien garraio sarea defenditzeko neurri eta jokabide integralak behar ditu sektoreak. Bertako garraiolariak jarduera utzi eta desagertzen bada, garraioaz arduratuko dena kanpokoa izango da, garestiagoa eta ez hain eraginkorra”. Administrazioak, oro har, garraiolariei bizkarra eman diela salatu dute eta jakinarazi dute Nafarroako Gobernuko garraio sailarekin asteartean goizeko 10.45etan bilduko direla.
Astean zehar HIRUk berriro luzatu dizkie eskaerak Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, asteartean eta asteazkenean, hurrenez hurren eta ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hain juxtu, aldundi hau da administrazioak garraiolariei azken urteotan eman dien “babesa”ren adibide garbiena: ez dugu uste garraiolarien alde egitea denik, fiskalitatea okerrera aldatzea, garraioa baztertu eta zigortu duen bidesaria jartzea kamioiei, edota garraio merkea bultzatu duten kooperatiba faltsu, enpresa buzoi eta antzeko jokabide makurrak ez kontrolatzea.
Garraioa geldirik dago, gaur egungo baldintza eta egoeran ezin baitu lanik egin. Beraz, une honetan ezinbestekoa da gure administrazioen erantzun egokia, euskal garraio-sareak bizirik irautea ahalbidetuko duen beharrezko neurriak abian jartzea, esan bezala Administrazioak Euskal Herriko enpresen eta gizartearen beharrei erantzungo dien garraio sarea babestu dezala; fakturetan gasolioaren eta beste gastuen arabera prezioa berrikustea behartu dezala, eta horrekin batera, hartu ditzala lan baldintza kaxkarrei aurre egiteko neurriak ere: kooperatiba faltsuak kontrolatu eta behatu, pausoak eman ordainketak hilabete baino gehiago atzeratu ez daitezen, azpikontratazioak baztertu eta gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatu; kamioiei jartzen zaizkien bidesariak kendu eta errepideen konponketa publikoa izan dadila; erretiratzeko adina 60 urtetan izan dadin laguntzak, gaixotasun profesionalak dituzten garraiolariak jubilatzeko aukera handitzea eta lanbidean hasi nahi dutenentzat Lanbide Heziketa abian jartzea ere eskatzen diete erakundeei.
Batzar Nagusien atean egin zituzten adierazpenak Hiruko ordezkariek.