ADER enpresarentzat lan egiten duten 50 garraiolari inguruk lanuztea abiatu zuten atzo goizean lan baldintza duinak eskatuz. Enpresak eskaintzen dizkien baldintza kaxkarrak salatu eta tarifa duinak eskatzen ari dira, ez zaie iristen eta, ezta dituzten gastuei aurre egiteko ere. Gehienek IKEA altzari eta dekorazio denda handiarentzat lan egiten dute, ia esklusiboki, etxez etxe Barakaldoko makro dendan salerositako produktuak banatzen. Langileei laguntzen ari dira Hiru sindikatua, Asotrava eta UGT Uniatramc elkarteekin batera.
Esan bezala banaketa lanei uko egin eta geldi daude atzo goizetik, lan-baldintza hobeak aldarrikatuz. Garraiolari horiek aurretik ere salatu dituzte lan baldintza kaxkarrak, egunean 10 ordutik gorako lanaldi luzeak eta soldata urriak. Duela sei hilabete, 2023ko ekainean ere altxa ziren, eta grebaren ondoren enpresak baldintzak hobetu zituen arren, ez dira betetzen ari eta berriro zigor arbitrarioak jasotzen ari dira. ADER enpresak ez du zigor ekonomiko horiei buruzko azalpenik ez argudiorik ematen, kasu batzuetan fakturan 600 euro gutxiago ordaintzen zaien arren.
Barakaldon daude grebalariak, IKEA, altzari eta dekorazio makro dendaren inguruan. Hilean gutxieneko finko batzuk eskatzen dituzte, gasolioa, asegurua, tailerreko mantentze-lanak eta abar ordaindu ahal izateko. Bereziki Bizkaian banaketak egiten dituztenek, guztira, hilean hiru mila euro fakturatzera ez direnez iristen, inola ere ezin dauzkaten kostuei aurre egin. Gehiago gastatzen dute fakturatzen dutena baino.
Lanen banaketa juxtua ere eskatu dute, onuradunik eta kalteturik egon ez dadin. Aldarrikapen hori ekainean adostu zen, baina ez da betetzen ari. Eskaerak bi norabidetan luzatu dituzte, batetik ADER enpresari eta baita Barakaldoko IKEA altzari eta dekorazio makro dendako arduradunei ere.
Duela sei hilabete egindako grebaren ondoren lortutako baldintzekin konforme ziren banatzaileak, nabarmen hobetu ziren baldintzak eta tarifa-zenbatekoak, baina ikusi dute oro har, ez dutela gastuak ordaintzeko beste irabazten, berriro aldeak daudela euren artean, batzuk zigortzen ari direla, batzuei lanik onenak ematen eta beste batzuk baztertzen, beraz nazkatu dira eta geratzea erabaki dute. Baldintzak behin betiko hobetzeko behar diren egunetan gelditzeko prest daudela adierazi dute banatzaileek.