Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioi batek harrapatuta hil da garraiolaria Hernaniko paper-fabrikan

Laneko ezbeharren kopuruak gora egiten jarraitzen du, zoritxarrez, estatistika trajikoa da, 23 pertsona hil dira Euskal Herrian lan-istripuz urtea hasi zenetik. Maiatzaren 4an, asteartean, garraiolari bat hil zen kamioi batek harrapatuta Hernaniko Zikuñaga paper-fabrikaren kanpo aldean, egurra deskargatzeko zain zegoela. Sarri salatu du sindikatuak istripu horietako asko ofizialki trafiko-istriputzat hartzen direla: askotan, garraiolarien istripuak errepideko ezbeharren estatistiketan ezkutatzen saiatzen dira. Hiruren ustez, horrelako ezbeharrak, zalantzarik gabe, lan-istripuak dira, enpresak arduratu behar du lantegian deskargatzen duten pertsonen segurtasuna zaintzeaz, berea da erantzukizuna. Hamaika garraiolari hil ziren errepideetan 2021ean, ia bat hilero. “2021ean koronabirusaren krisiaren eraginez ekonomia jarduera urritu arren, laneko ezbeharren kopurua ez da gutxitu. Gora egin du, guztira 68 langile hil dira lan-istripuetan.

Euskal sindikatuen protesta lan baldintza kaxkarren eta istripuen aurka
Ostiralean, maiatzaren 6an, eguerdiko 13.00etan
Hernanin, Eziago industrialdean, Zikuñagako paper-fabrikaren atzeko aldean.

Istripua gertatu zen tokian bertan elkartuko dira ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, Hiru eta ENHE sindikatuak, ostiralean, eguerdiko 13.00etan, garraiolariaren heriotza salatzeko, hain juxtu, Hernanin, Zikuñagako paper-fabrikaren atzean, Karabel auzoko zubiaren ondoko biribilgunea eta Eziago industrialdea lotzen dituen errepidean. Bertan egoten dira paper-fabrikara egurra dakarten kamioiak. Aipatzekoa da lan-istripu asko gertatzen direla  zamalanetarako eremuetan. Arriskutsuak dira eremu horiek, enpresek behar bezala zaindu eta koordinatu behar dituzte jarduera horiek, horrelako istripuak saihestu eta gerta ez daitezen. 

Sindikatuek babesa eta elkartasuna adieraziko diete elkarretaratzen, hildako garraiolariaren senide, lagun eta lankideei, eta lan istripuen kopuru handia salatuko dute, enpleguaren kalitate txarrak eta lan-baldintza kaxkarrek hil egiten dutela. Lanaldi luzeek, atseden gabeziak, enpresek eragindako presek eta presioek, kargen gehiegizko pisuak edo tarifa desegoki eta kaxkarrek, besteak beste, garraio duina eta segurua zailtzen dute.

Garraiolariak baldintza duinak eskatzen ditu egoki lan egiteko, batetik, osasun-arazoak eta istripuak saihesteko; eta baita gizarteari eta enpresei eskaintzen dien zerbitzua hobetzeko, horiek behar dituzten produktuak eta materialak garraiatzeko, alegia. Garraiolariak estrategikoak direla esaten badute agintariek, ezinbesteko lana egiten dutela, hobeto zaindu beharko lituzkete euren lan baldintzak, segurtasuna eta osasuna.