Beasain eta Bergara artean, Deskargan, A636 errepidean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri duen bidesariak garraiolariei eragingo die bereziki; bikoitza ordainduko dute, turismoekin alderatuta, eta ez dute ibilbide alternatibo bat erabiltzeko aukerarik izango, Deskarga mendateko errepide zaharretik zirkulatzea debekatuta baitute.
Jakina da bidesarien aurka dagoela Hiru eta otsailaren 12an Deskargan jarri den bidesariaren aurkako mobilizazio bat antolatzen ari da, bidesari honen aurka sortu den plataforma eta beste eragile batzuekin batera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilaren 18tik kobratzen du bidesaria errepide horretan, A15 eta N1 errepideetan erabiltzen den arku-sistemaren antzekoa erabilita.
Bidesariak autobiaren hiru zatitan ezarriko dira, zehazki, Beasainen, Ezkion eta Deskargan, bertan jarri diren hiru atari edota arkuen bidez kontrolatuta. Bidesariaren zenbateko osoa 2,53 eurokoa izango da autoentzat, eta 5 eurokoa kamioi astunentzat. Motorrak bakarrik libratuko dira; egunero bide horretatik doazen 9.000 ibilgailuk baino gehiagok bidesaria ordaindu ahal izateko gailu edo sistema elektronikoren bat izan beharko dute. Aldundiak 2018ko urtarrilean hasitako diru-bilketa politikarekin jarraitzen du. Jakina da, N1 eta A15ean kamioiei jarritako bidesari hori, gero, epaitegiek baliogabetu zutela baztertzailea delako.
Kamioientzako bidesaria indarrean egon den 3 urte eta erdian, urrian eten zen arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak ia 40 milioi euro bildu ditu, eta orain kaltetutako milaka garraiolariei itzuli beharko dizkie.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek joan den abenduan N1 eta A15 errepideetan bidesaria urte honen amaieratik aurrera berriro kobratzeko onartutako hirugarren Foru Araua Europako Batzordearen oniritziaren zain dago.