Alemaniako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oso modu ezberdinean jokatzen dute garraiolariei bidegabeki kobratutako bidesarien kontuan. Alemaniak diru hori itzuli egingo du. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du itzultzeko asmorik. Alemaniak web-orri bat martxan du erreklamazioa egiteko. Interesatuak dagokion formularioa bete eta fakturak aurkeztu besterik ez du egin beharko. Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldi, oztopoak besterik ez ditu jarri. Azkenean, garraiolariek epaitegian aurkeztu behar izan dituzte erreklamazioak.
Gai honen inguruan bada nobedaderik. Jakin berri dugunez, eskaera horien inguruko epaia eman behar zituzten Gipuzkoako hiru epaitegiak eskumenik gabekotzat jo dituzte eta auzi horiek guztiak Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiari helarazi dizkiotela, hark erabaki dezan.
Ez da Alemaniaren kasua. Alemaniako Toll Collect bidesariak 2010eko urriaren 28tik 2021eko irailaren 30era arte kobratutako kopuruak itzuliko ditu. Garraiolariek eska dezakete dagoeneko gaizki kobratutako bidesari hori itzultzeko. Horretarako, nahikoa izango da Mauterstattungsantrag formularioa erregistratu eta betetzea; alemanez bakarrik eskuragarri dago web-orrian, Erstattungsverfahren – eService BALM-Mauterstattung – Antragsportal des BMDV (bund.de).
Eskaerak, online
Bidesari horiek itzultzea eskatzeko egin beharrekoak ez dira horren zailak: kaltetuak kontu bat sortu beharko du aipatutako web orrian; gero bete beharreko inprimakiak aktibatuko zaizkio eta formulario horiek bete ondoren, zuzenean bidal daitezke Logistika eta Mugikortasuneko Bulego Federalera, bidesarien ordainagiriekin batera. Eskabide batek gehienez 20 matrikula izan ditzake.
EBko Justizia Auzitegiak 2020ko urrian ebatzi zuen % 6ko gainkostua egon zela Alemaniako bidesarietan.
Bere ustez, bidesarien zenbatekoa azpiegitura-kostuak berreskuratzeko printzipioan soilik oinarritu behar da. Hala ere, Alemaniako bidesarien zenbatekoen kalkuluan trafikoko poliziaren kostuak ere sartzen ziren, eta hori ez dator bat Europako zuzenbidearekin. Beraz, urte horietan Alemanian ibili ziren garraiolariek kopuru horiek berreskuratzeko eskubidea izango dute.
Bidesaria garestiago
Bestalde, nabarmendu behar da Toll Collect kamioientzako bidesari alemaniar honek bere tarifak bikoiztuko dituela 2024an, Alemaniako Klima Babesteko Legea egiteko Alemaniako hiruko gobernua osatzen duten hiru alderdi politikoek (sozialdemokratak, berdeak eta liberalak) lortutako akordioa berresten bada; igorritako CO2 tona bakoitzeko 200 euro inguruko tasa berri bat sartuko dute bidesariaren baitan.
2023an, Euro VI buru batek eta 40 tonako bere erdi-atoiak kilometroko 19 zentimo ordaintzen dituzte. Tarifa hori ibilgailu zaharrenen kasuan igoko da, Euro emisio-kategoriak behera egin ahala. 500 kilometro egiteagatik, egun 95 euro ordaintzetik 180 eurora pasatuko da. Zero isuriko kamioiek ez dute ordainduko 2026ra arte. 2024tik aurrera, bestalde, bidesaria ordaindu behar duten ibilgailuen kopurua ere handitu egingo da: 3,5 tonatik gorako BGM dutenak sartuko dira; gaur egun, 7,5 tona BGM baino gehiagokoei bakarrik aplikatzen zaie.
Bidesari britainiarra
12 tona baino gehiagoko kamioi atzerritarrek bidesaria ordaindu beharko dute Britania Handiko errepide eta autobietan, aurtengo abuztuaren 1etik aurrera. Tarifa ibilgailuaren pisuaren, Euro klasearen eta Britainia Handian emandako denboraren araberakoa da. Bidesaria etenda zegoen koronabirusaren krisiaz geroztik.
Britainiarrak ez diren ibilgailu astunek aldez aurretik ordaindu beharko dute tasa, Britania Handian sartu aurretik, esteka honen bidez: https://www.hgvlevy.service.gov.uk/ords/pwslive /
Alemanian kamioiei zegokien peajea baino gehiago kobratu zitzaien 2010 eta 2021 artean, Europako epaitegiak erabaki zuenez. Eta dirua itzultzeko eskatu dezakete garraiolariek. Tramitazioa erraza dela jakinarazi dute arduradunek, web orrialdean izena eman eta zuzenean bidali ahal izango dute eskaera dagozkien fakturekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundian ez da horrelakorik. Epaitegiek atzera bota zituzten bidesaria martxan jartzeko eta kudeatzeko foru arauak baina Aldundiak ez du dirutza hori garraiolariei itzultzeko asmorik. Donostiako hiru epaitegiek erreklamazioak Euskadiko Entzutegi Gorenera bidali dituzte.