Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioiei bidesaria gaizki kudeatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik urtarrilaz geroztik kamioiei kobratzen dizkieten bidesarien kudeaketa kaotikoa salatu dute herrialdeko garraiolari autonomoek. Hiruk jada martxoan jarri zuen salaketa epaitegian: izan ere, bidesaria kobratzen ari zen Bidegi, garraiolariak gastu hori bezeroei pasatzeko behar beharrezko dituen fakturak bidali gabe. 

Hainbat hilabetetan milioika euro gastatu ditu Aldundiak, N1 eta A15 errepideetara sartzen diren kamioiei automatikoki kobratzeko beharrezkoak diren gailuak instalatzen, baina ahaztu egin zaie garraiolariei bidesari horien fakturak bidaltzea. Kexu dira garraiolariak, halaber, batzuei ez zitzaielako zenbait astez kobratu, eta orain guztia batera, kasuren batean ia bi mila euro. 2018an lehen aldiz kamioiei kobratzen hasi zirenetik Aldundiak egin duen kudeaketa txar eta arduragabeagatik kexu dira garraiolariak; lau urtetan hainbat trikimailu erabili zituzten lege-euskarririk gabe garraiolariei bidesaria kobratzeko eta, “lapurtutakoa” ez itzultzeko, gero. Epaitegira jo behar izan dute dirua berreskuratzeko eta oraindik zain daude.

Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak, aldiz, pozarren agertu dira N1 eta A15 errepide osoan kamioiei jarri dien bidesariak tribunalen oniritzia jaso eta gero. Esanguratsuak dira egin dituzten adierazpenak, erakusten baitute aurretik egindako kudeaketaren ardura falta eta hutsuneak. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du aurka jarritako helegitea; beraz, ontzat eman du bidesaria. Aintzane Oiarbide Garraio arloko foru diputatuak adierazi du egun haundia dela, poz handikoa. Neurrigabeko poz horrek adierazten ditu bere zalantza eta segurtasun eza. Zentzugabeki jardun dira urtetan eta epaiak lasaitu ditu. Baina ezin ahaztu, 2018tik 2021era epai judizial guztiak kamioiei bidesaria jartzearen aurkakoak izan zirela; hura ezarri eta kudeatzeko foru-arauak baliogabetu zituztela. Hala ere, ia lau urtez garraiolariei kobratu egin zieten, pasatzen ziren bakoitzean, eta ez dute itzuli bidegabeki kobratutakoa. Epaileak lehen minutuan kanporatu zuen jokalaria, baina amaierara arte jokatzen jarraitu zuen.

Garraiolariek, berriz ere, aurtengo urtarriletik jasaten dute bidesariaren karga; saritik gutxi dauka eta zigorretik asko. Lagundu beharrean zigortu egiten dituztela kritikatu dute garraiolariek, ezinbestekoak direla esan arren. Ez dute ulertzen Aldundiko ordezkarien jarrera. Argiagoak izan beharko lukete, bidesaria bezeroek ordaindu behar dutela esan, eta zamaketariei gastua beren gain hartzeko eskatu.

Agerikoa da diru bilketa dutela helburu. Herritarrek jakin behar dute bidesaria denon artean ordainduko dugula. Gipuzkoako Foru Aldundia garraiolaria erabiltzen ari da dirua biltzeko, baina benetan gastu hori herritar guztiek ordainduko dute, zalantzarik gabe. Bestela, zerbaitek ez du funtzionatzen. Garraiolariak ezin du bere gain hartu horren gastu handia; – Europako bidesaririk garestienetakoa- beraz, bezeroei kobratu behar die eta horrek kontsumitzen ditugun produktuak garestituko ditu. Ostalariek, supermerkatuek edo enpresek gehiago ordaintzen badituzte behar dituzten materialak edo saltzen dituzten produktuak prezioak igoko dira eta, azken finean, denok ordainduko dugu gehiago.

Justizia Auzitegi Gorenaren epaiak gogorarazi digu orain bidesaria ontzat eman duen bezala, duela bost urte baliogabetu egin zuela. Hiruren ustez legea urratu dute Aldundiko agintariek, ia lau urtetan bidesaria kobratu baitzuten lege oinarririk izan gabe. Agintari politiko baten baitan pentsaezinak diren trikimailuak erabili zituzten; hala nola baliogabetutako arauaren antzekoa prestatzea, lehenengoa Madrilgo auzitegi Gorenak baliorik gabe uzten zuenean abian egon zedin. Are arduragabekeria handiagoa da, garraiolarien ustez, bidegabeki kobratutakoa ez itzultzea, “lapurtutakoa”, garraiolarien ustez, hauen erreklamazioei uko egitea eta dirua berreskuratu nahi badute epaitegietara jotzera behartzea. Kobratu automatikoki kobratu zuten, arkuetatik pasatu ziren bakoitzean, datu guztiak dituzte, baina teknologiak ez du itzultzeko balio, kobratzeko soil soilik.

Agintariek sarri esaten dute garraiolariak “ezinbestekoak” direla, garraiolariek gizartearentzat eta industriarentzat funtsezko lana egiten dutela, baina gero hori ez da euren jardunean ikusten. Taxilariak bidesaria ordainduko duenik inori ez zaio bururatzen. Garraioan, bai. Bezero asko gastu horretatik libratzen saiatzen dira. Eta Administrazioak beste aldera begiratzen du. Ez du tresnarik kargatzaileek gastua beren gain har dezaten. Guztiz kontrakoa. Bidesariaren inguruko kudeaketa kaotikoa izan da eta garraiolari askok ez du bidesariaren gastua bezeroari pasatzeko behar beharrezko duen ordainagiririk jaso. 

Aldundiak TicketBai sistema jarri du abian aurten, derrigorrez bidali behar ditugu fakturak Ogasunera momentuan, baina, bera, garraiolariei bidesaria kobratzen aritu da zenbait astez dagokien fakturarik eman gabe. Beste garraiolari batzuk kexu dira zenbait astez ez zietelako kobratu; orain otsaileko eta martxokoa batera iritsi zaie, kasuren batean ia bi mila euroko kargua. Zenbateko horrek kreditu-txartel gisa funtzionatzen duten ViaT gailuetan ezarritako mugak gainditu ditu. Zentzugabekeria galanta. Aldundiak garraioa lagundu beharrean, zigortu egiten du. Saritik gutxi du bidesariak. 

Bidesariaren prezioa neurriz kanpokoa da. 2018tik Foru Aldundiaren kudeaketa tamalgarria izan da, denon dirutik ugari xahutu du automatikoki kobratzeko arku eta beste gailuen sistema martxan jartzen, kudeaketarako langileak kontratatzen eta abian izan diren prozesu judizialetan, besteak beste. Eta, jakina, orain tasaren zenbatekoa hirukoiztu egin da; bidesariaren aurkako helegitea jarri duen Fenadismer elkartearen arabera, Europar Batasuneko garestienetakoa da; ibilgailu astunek kilometroko 28 zentimo ordaintzen dute,  Alemaniarekin alderatuz gero, %30-40 garestiago, Belgikakoekin alderatuta %50 gehiago, nahiz eta bi herrialde horietako errenta-maila hemengoa baino askoz handiagoa izan.

Herritarrek ordainduko dute zentzugabekeria hori guztia, bi bider, gainera. Alde batetik, Aldundiaren gastua, guztion diruarekin egindako milioi askoko inbertsioa. Eta baita bidesaria ere, kontsumo prezioen indizea igoko baita.

Garraiolariek zera ohartarazi diete herritarrei; behin N1 eta A15 osoan ibilgailu guztien matrikulak kontrolatzeko gailuak jarri eta inbertsioa eginda, dena prest daukatela ibilgailu guztiei tasa jartzeko. Oraingoz, garraiolariek ez dute beste irtenbiderik, ez alternatibarik. Bai ala bai ordaintzen dute Gipuzkoako ibilbide osoan.
Aintzane Oiarbide foru arduradunak Europako Batzordearen babesa aipatu du behin eta berriro. Gipuzkoa Europan aitzindaria dela nabarmendu, beste administrazio batzuek euren bidea jarraituko dutela. Oraingoz, Europan denetarik dago, inork ordaintzen ez dituen doako bideak, batetik; beste batzuetan ibilgailu guztiek ordaintzen dute eta gutxi batzuetan kamioiek bakarrik, Bizkaian eta Gipuzkoan esaterako.

Martxoaren 16an jarri zuen Hiruk salaketa Donostiako epaitegian bidesariaren inguruko kudeaketa txarrarengatik.

Prentsaren aurrean Aldundiaren arduragabekeria salatu zuten Hiruko kideek. Garraiolariek ez dute fakturarik jaso.