Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioientzako bidesariei argi berdea eman diete Nafarroak eta Bizkaiak

Nafarroako Parlamentuak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegitura Batzordeak berriki onartu dituzte lurralde bakoitzeko bost errepidetan kamioiei bidesaria jartzeko egitasmoak. Arabak eta Gipuzkoak ere martxan dituzte antzeko planak. Euskal administrazioak, laguntzeko baino gehiago, garraiolaria zigortzeko daudela dirudi. 2023tik aurrera, Hego Euskal Herriko ia errepide guztietan ordainduko dute garraiolariek.

Nafarroako Parlamentuak ekainaren 23an onartu zuen, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta IEren botoekin, A1 iparraldeko autobidea, A10 Sakanakoa, A15 Leitzarangoa, A68 Ebrokoa eta N121A Iruña Irunekin lotzen duen errepidea erabiltzeagatik kamioiek ordainduko duten bidesaria arautuko duen legea, beranduenez 2023ko abenduaren 31n ezarriko dela adieraziz. Navarra Sumak aurka bozkatu zuen.

Bestalde, Bizkaiko bost errepidetan kamioiei bidesaria jartzeko egitasmoa onartu zuen herrialde honetako Batzar Nagusietako Azpiegitura Batzordeak ekainaren 27an, hain juxtu, A8an, BI10ean, N240an, Txorierriko korridorean, Erletxe eta Arrontegi artean eta BI625ean, Laudiotik Basaurira artean, ordainduko dute. Egungo krisi-egoeretan 60 milioi euro erabiliko dituzte bidesaria kobratzeko behar diren arkuak eta beste tresnak jartzeko. EAJk eta PSEk bakarrik bozkatu zuten alde. Bizkaiko arduradunek adierazi dute bigarren mailako errepideetako kamioiak ordainpeko autobideetara eramateko asmoarekin jarri dutela bidesaria. Horretarako, hobe litzateke autobideetan kamioiei bidesaria kentzea.

Hiru euskal garraiolari autonomoen sindikatuak gogor kritikatu ditu Administrazioaren jarrera eta erabakiak: batetik agerikoa da administrazioaren dirua biltzeko grina eta, bestetik, kasu hauetan bidesari horiei argi berdea emateko momentu desegokia dela deritzo, kontuan hartzen bada garraiolariak larri dabiltzala, erregaien prezioen igoera neurrigabearen ondorioz; errepideak guztiok erabiltzen ditugun ondasun publikoak baldin badira, eta garraiolariek zerbitzu publiko garrantzitsua egiten badute, errepideen finantzaketa publikoa izan dadila eskatzen du aspalditik Hiru sindikatuak.

Beste behin ere, administrazioak bidesariarekin zigortzen ditu garraiolariak. Gipuzkoan eta Araban ere martxan dira antzeko egitasmoak. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek harro adierazi dute gainera, Deskargako bidesariari esker 1.6 milioi jaso dituela urteko lehen hiru hilabeteetan.